Nintendo-koek garatzaile independenteen bideojokoak ezagutzera emateko ekimenekin jarraitu dute.
Nintendok agindu modura, Indie World aurkezpena jarraitzeko aukera eduki dugu. Denetariko bideojokoak ikusi genituen atzo arratsaldean, baldintza bakarrarekin: sortzaile indien lanak baino ez zituzten bildu N Handikoek.
Horien artean nabarmentzeko hainbat egon ziren: The Game Kitchen andaluziarraren Blasphemous II, Bomb Rush Cyberfunk itxurosoa, Teslagrad klasikoa nahiz jarraipena, Cult of the Lamb interesgarriaren DLC-a zein Rift of the NecroDancer-en erritmoz betetako borrokak azaldu ziren ekitaldian. Goazen esanguratsuenak aztertzera:
Blasphemous II
Metroidvania abenturak andaluziako folklorearekin eta kristautasunarekin uztartzen dituen Blasphemous bikainaren jarraipena orain hilabete batzuk iragarri zuten The Game Kitchenekoek, baina Nintendokoenean izan dugu lehen jokagarritasun irudiak ikusteko aukera.
Atal estetikoan aldaketa gutxi aurkituko ditugu —ez ditu behar, originalaren pixel art landua ikaragarria baitzen—, baina mekanikoki berritasun ugari dituela ikus daiteke bideo motzean. Penitente isilak munstro beldurgarri nahiz odoltsuak gainditu beharko ditu berriz; hala ere, plataforma atalek are garrantzia handiagoa edukiko dutela dirudi.
Argitaratze data zehatzik eman gabe, ez da asko falta Blasphemousen bigarren atalaz gozatzeko: uda amaieran estreinatuko da Switch-ean nahiz PlayStation eta Xbox kontsoletan. PC-rako ere ikusiko dugu, noski.
Bomb Rush Cyberfunk
Team Reptile-koek azkenik zehaztu dute Jet Set Radio maitatuak hartuta sortutako Bomb Rush Cyberfunk ederraren argitalpen data: abuztuaren 18an jokatu ahalko dugu Switchean zein ordenagailuetan. Gainerako plataformek “beranduago” jasoko dutela diote arduradunek.
Indie Worlderako prestatutako bideoa, egia esan, ez da jokoaren trailerrik onena. Dena den, cel shading estetika, Pro Skater estiloko jokagarritasuna eta bere mundu zoroa ezagutzeko balio digu.
Oxenfree II: Lost Signals
Misterioa eta abentura proposatzen dituen Oxenfree klasikoaren jarraipena ere agertu zen zuzenekoan. Lost Signalsek denboran egindako bidaiak, izaki beldurgarriak eta esploratzeko irla erraldoia aurkeztuko dizkigu.
Kasu honetan ere kaleratze data ezagutzeko aprobetxatu dute Night School-eko garatzaileek: uztailaren 12an Switchean, PlayStation kontsoletan eta PCan merkaturatuko dute.
Rift of the NecroDancer
Crypt of the NecroDancer —eta Cadence of Hyrule— erritmo jokoaren spin-off abentura dugu Rift of the NecroDancer. Musikak protagonista izaten jarraituko badu ere, ahaztu roguelike erako ziegez eta herensugeez: erritmo minijokoak izango dira Riften muina.
Modu horretara, Guitar Hero-n oinarritutako probak zein bestelako jokoak ikusiko ditugu Brace Yourself Games-en obran. Jokalari bakarrarentzako kanpaina da izarra: gainditu beharreko istorioa aurkeztuko digu. Aurten argitaratuko dute: data zehatzik gabe, Switcherako eta PCrako iritsiko da.
Teslagrad 2 eta Teslagrad Remastered
Rain Games-ekoen metroidvania ezaguna bueltan da, eta jarraipenarekin dator. Teslagrad 2 zein Teslagrad Remastered ustekabean iragartzeaz gain, zuzenean kaleratu ditu estudioak: Switch, Playstation eta Xbox kontsoletan zein PCan joka ditzakegu.
Botere eta izaki magnetikoekin lotutako erronkak dira abenturetan gainditu beharrekoak. Atal estetiko ederrarekin, puzzleak eta plataforma atalak ikusiko ditugu behin eta berriro, baina baita borrokaren bat edo beste ere.
DLCak Cult of the Lamb-entzat eta Shovel Knight Pocket Dungeon-entzat
Noski, Indie Worldean iragarritakoak ez dira joko berriak izan soilik: eduki gehigarriak ere erakutsi ziren ekimenean. Lehena Cult of the Lamb roguelike bereziarena izan da: Relics of the Old Faith izenarekin, apirilaren 24an kaleratuko da.
Erlikiak gaineratuko ditu Massive Monster-en lanera: objektu bereziak izango dira. Mugimendu berriak eta gure herrixka hazten jarraitzeko elementuak ere gehituko ditu.
Bestalde, Shovel Knight Pocket Dungeon puzzle joko ederraren espantsioa ere ezagutu dugu: Puzzler’s Pack. Pertsonaiak, erlikiak, guneak eta misioak gaineratuko dizkio bideojoko zoroari udaberrian. Gainera, jatorrizko jokoa Android nahiz iOS gailu mugikorretan estreinatuko da “laster”: Netflix harpidetza bidez jokatu ahalko dugu.
Mineko’s Night Market
Kudeaketa eta minijokoak dira Mineko’s Night Market politak proposatuko dizkigunak. Izenburuak dioen bezala, merkatu bat eraikitzea eta hau kudeatzea izango dira helburu nagusiak: objektuak sortzen, herrixkako bizilagunak ezagutzen nahiz jokoetan parte hartzen ariko gara.
Hainbat aldiz berandutu ostean, Meowza Games-eko arduradunek irailaren 26an kaleratuko dutela agindu dute: Switchean zein PCan jokatu ahalko dugu.
Animal Well
Azken Indie Worldean ikusitako titulurik interesgarrienekin bukatzeko Animal Well puzzle eta plataforma jokoa aipatuko dugu. Pixel art estetika sinplistadun abenturan limo itxurako izakiaren rola beteko dugu: altxorrak bilatzen eta mundu arriskutsua esploratzen ibiliko gara berarekin.
Bertako animalien lagun egingo gara, gainera —edo ez, eta gure etsaiak izango dira—. Proposamen ederra zein bitxia da Bigmode estudioarena. 2024an helduko da Switchera, PlayStationera eta PCra.
Crime O’Clock, Shadows over Loathing, Escape Academy eta gehiago
Aipatutakoez gain, bestelako tituluen trailerrak ere azaldu ziren atzoko ekitaldian. Hemen doaz azken jokoen bideoak:
Iruzkinak