Insider ezagunak japoniarren datozen hilabeteetako ibilbidea ezagutzera eman du.
NateTheHate insiderrak Nintendori buruzko berriak aipatu ditu bere azken bideoan. The Legend of Zelda: Ocarina of Time maisulanaren berregitea, Star Fox eta Marioren 3D abentura esku artean omen dituzte japoniarrek.
Switch 2ko zurrumurruen ingurunean sartzen gabiltzala argi esanik, Naten ibilbidea zehatza eta akats gutxikoa dela adierazi beharra dago.
Nintendozaleek jasoko duten lehen titulua, itxura batean, Fox McCloud azeriarena izango da: udan estreinatuko litzateke. Sareko multijokalaria eskainiko luke, besteak beste. Star Foxen estilo klasikoa mantenduko luke, eta, insiderrari adierazi diotenaren arabera, “atal grafiko oso ona” edukiko du.
Apirilean iragarriko ei dutela dio Natek; egunotan, Nintendo Direct bat ikusiko dugula pentsatu beharko da, beraz, nahiz eta txikia izan.
Ocarina of Time izango da, Natek aldarrikatzen duenez, hurrengo ezusteko handia: “2026ko gabonetan edo inguruan” merkaturatuko da. Berregite osoa izango dela dio, Nintendo 3DS kontsolan estreinatutako berregitetik —funtsean originalaren berbera izan arren, joko osoa hutsetik sortu zuen Grezzo taldeak— haratago joanda.
Link heroiak, Zelda printzesak eta Ganon zitalak 40 urte bete zituzten otsailean; Marioren 40. urteurrenak zein Pokémon-en 30.ak The Legend of Zelda alboratuta utzi dutela ikusita, alde batetik ez litzateke harritzekoa izango iturginarenak alboratzerakoan Linki protagonismo guztia eskaintzea. Bere jokorik maitatuenarekin, gainera.
Natek aipatu duenagatik, ekainean ezagutuko dugu ofizialki, Nintendok udako Direct handia antolatzen duenean.
Bukatzeko, Marioren hurrengo abentura handia 2027rako prestatzen dabiltzala azaltzen da bideoan. Ez du informazio askorik eskaini iturginaren inguruan, tamalez: hiru dimentsioko jokoa izango dela baino ez du aipatzen.
Datorren urtean beste lehiakide eta bidelagun handia edukiko duela gogoratu beharra dago: Pokémon Winds eta Pokémon Waves prestatzen ari da Game Freak 2027rako.
Insiderra ez da zurrumurruak aipatu dituen bakarra izan: esandakoak baieztatzera etorri dira, ondoren, VGC agerkarikoak.
Udan, are joko gehiago
Iragarpen handienekin batera, Nintendok dagoeneko iragarritako bideojokoei buruzko informazioa ere utzi du Natek.
Fire Emblem: Fortune’s Weave, Splatoon Raiders, Rhythm Heaven Groove eta Nintendo Switch 2 Sports tituluak uda aldera merkaturatuko omen lituzke N handiak. Horrela, datozen hilabeteotarako estreinaldien katalogo indartsua osatuta edukiko lukete, Star Foxekin batera.
Bukatzeko, Switch originalean ikusitako Pikmin 4ren Switch 2ko bertsioaren zurrumurruak ere iritsi zaizkio: uda inguruan estreinatuko litzatekeen beste bat.
Lander Unzueta
Iruzkinak