Close to You izeneko labur misteriotsuaren atzean dagoen taldea da: etorkizunean are gehiago ikusiko ditugu.
Nintendok ikus-entzunezkoen marka berria aurkeztu du Nintendo Today albisteen aplikazioaren bitartez. Nintendo Pictures izeneko estudioak animazio proiektuak egiteko balioko dio Kiotoko enpresari.
Lehena, izan ere, asteartean ezagutu genuen: misterioz betetako Close to You izeneko laburra inolako azalpenik gabe argitaratu zuten Nintendokoek, zeresana sortuz zaleen artean. The Super Mario Galaxy Movie filmari lotutako zerbait izango zelakoan zeuden asko; beste batzuek Pikmin-ekin zerikusia zeukan bideoa zela zioten —zenbaiten arabera, Samus Aran gazte bat ikusten genbiltzan, Metroid Prime 4ko botere psikikoak probatzen—.
Pikminen alde egiten zutenek asmatu dute, baina, esan bezala, ez dago bideojoko berri bati lotuta. Bigarren bideoarekin batera ikusi ditugu Pikmin izakitxoak: Nintendo Today aplikazioan ikus daiteke, oraingoz.
“Bi Close to You bideoez gozatu izana espero dugu”, azaldu dute prentsa oharrean. “Nintendo Pictures Co., Ltd-k sortutako lehen bi film laburrak dira hauek. Nintendo Picturesek sormen aukera berriak esploratzen jarraituko du ikus-entzunezko edukien bitartez”.
Ikustekoa izango da film laburretara mugatuko diren, edo Nintendoren pertsonaietan eta frankizietan oinarritutako ikus-entzunezko handiak sortzen hasteko asmoa duten. Egun, Marioren filmak Illumination estudio estatubatuarrarekin elkarlanean sortzen dituzte; akordioa alboratzea izan daiteke Nintendoren asmoa epe luzera begira.
Animazioaren mundutik at dagoen arren, ezin gaitezke ahaztu The Legend of Zelda-ren filmaz: 2027ko martxoan estreinatuko da, dena ondo badoa, Sony Pictures Entertainment-ekin batera prestatzen ari diren pelikula.
Iruzkinak