Switch-ak 152,12 milioi kontsolen salmentak gainditu dituen bitartean, PlayStation 5a 77,8 milioitan geratu da.

2025eko lehen hiruhilekoaren finantza datuak argitaratu dituzte bideojokoen munduko enpresarik handienetakoek: Nintendoren, PlayStationen zein Ubisoften zifrak ezagutu ditugu.

Ohi bezala, hardware zein software salmentak errepasatzeko aukera ezin hobea da, baita talde handien etorkizunera begirako aurreikuspenak aztertzekoa ere.

Nintendo

N handiaren txostenean Switch kontsolaren salmenta zifrak jarraitu behar ditugu, bai ala bai: 1,26 milioi gailu saldu dituzte urtarriletik martxo bukaerara bitartean, iazko epe berean baino 700.000 gutxiago. Guztira, beraz, 152,12 milioi Switch saltzea lortu dute 2017an hibridoa merkaturatu zutenetik.

Egungo zerga urtean —hau da, 2025eko apirilaren 1etik 2026ko martxoaren 31ra arte— 4,5 Switch saltzea aurreikusten dute, 156,6 milioitan geratzeko. Zenbaki esanguratsua da, Nintendo DS eramangarriaren salmentak (154,02 milioi) gainditzea lortuko bailukete. Aurretik PS2a geratuko litzaieke, 160 milioirekin.

 

Nintendo Switch 2aren aurreikuspenak ere aipatu dituzte: 15 milioi kontsola saltzeko helburua daukate egungo urte fiskalean, Switch originalaren lehen urteko zifrak gaindituta (14,86 milioi).

Jokoei dagokienez, 31,43 milioi bideojoko saldu zituen Nintendok urte hasieran; guztira, 1.391,23 milioi software aletara heldu dira. Donkey Kong Country Returns HD nabarmentzen da salduenen artean, 1,27 milioirekin. Hauek dira Switcheko bideojokorik arrakastatsuenak:

  1. Mario Kart 8 Deluxe – 68,20 milioi
  2. Animal Crossing: New Horizons – 47,82 milioi
  3. Super Smash Bros. Ultimate – 36,24 milioi
  4. The Legend of Zelda: Breath of the Wild – 32,81 milioi
  5. Super Mario Odyssey – 29,28 milioi
  6. Pokemon Scarlet eta Pokemon Violet – 26,79 milioi
  7. Pokemon Sword eta Pokemon Shield – 26,72 milioi
  8. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom – 21,73 milioi
  9. Super Mario Party – 21,16 milioi
  10. New Super Mario Bros. U Deluxe – 18,25 milioi

 

PlayStation

Sony-koen txostenean PlayStationi lotutako antzeko datuak irakur ditzakegu. Hiruhilekoan 2,8 milioi PS5 saltzea lortu dute japoniarrek —iazko epe berean baino 1,7 milioi gutxiago—; 2020an kontsola estreinatu zutenetik, hortaz, 77,8 milioi PS5etara iritsi dira.

Noski, PS4aren ibilbidearekin alderatzea interesgarria da: bost urteko epean 1,2 milioi PS4 gehiago saldu zituzten Sonykoek. Pixkanaka-pixkana tartea murrizten doazela aipatu beharra dago; izan ere, PS5a merkaturatzerakoan bizitako txip eskasiaren arazoa gogoratzekoa da.

PlayStation Network harpidetzaren erabiltzaileek gora egin dute, 124 milioi erabiltzaile aktiboetaraino helduta.

Aurreikuspenetan sartuta, etorkizunean kontsola gutxiago saltzea, baina PlayStation markako bideojoko gehiago saltzea bilatzen dute.

 

Ubisoft

Ubiren zifren zain egon gara aspalditik bizi dituen finantza arazoei aurre egiteko gai izan diren jakiteko.

Hori ezagutzeko Assassin’s Creed Shadows-i begira jarri gara: frankiziako bigarren estreinaldirik onena edukitzea lortu du, AC: Valhalla-ren atzetik. Hala ere, ez ditugu gaurkotutako salmenta zifrak ezagutu; dakigunez, lehen astean hiru milioiak gainditu zituzten Shadowsekin.

Berandutzeen artean estreinatu da azken AC jokoa. Ezkorra dirudiela pentsa daitekeen arren, Ubisoftekoak pozik agertu dira geroratzeko erabakiekin, bilatzen zuten errendimendua lortzeko bidea izan dela uste baitute.

Hori dela-eta, etxeko “ekoizpenik handienetakoak” hurrengo zerga urtera atzeratzea hautatu dute, zeintzuk izango diren adierazi gabe. Buruan ditugunak, zelan ez, Far Cry, Rainbow Six, The Division edo Ghost Recon, baita horren esperotako AC 4: Black Flag-en berregitea. Prince of Persia: The Sands of Time-n berregitea ere berriro geroratu da: 2026 hasieran ikusiko omen dugu.

Hori bai, Ubisoftek Tencent erraldoiarekin batera sortu duen enpresa subsidiarioaz oroitzea ezinbestekoa da. IP edo frankizia handienak eramateko asmoarekin eratu dute, Assassin’s Creed, Far Cry eta Tom Clancy’s Rainbow Six, adibidez.

 

Square Enix

Square Enixeko japoniarrek ere etxeko zifrak publiko egin dituzte. Salmentek behera egin dutela nabarmentzen da: % 18 jaitsi dira. Halere, Dragon Quest III HD-2D Remake arrakastatsuari esker irabaziek gora egin dutela diote.

Ikusitakoak ikusita, estrategia multiplataforma indartzeko asmoa agertu dute: euren bideojokoak ahalik eta plataforma zein gailu gehienetan merkaturatzen saiatuko dira, batez ere, PCari zein Switch 2ari begira jarrita. Nintendoren kontsola berrian argitaratuko da, adibidez, Final Fantasy VII Remake Intergrade; gainera, trilogiaren gainerako bi jokoak eramatea ere bilatzen da.

Ordenagailuen kasuan, Final Fantasy VII Rebirth edo Final Fantasy XVI jokoen PCko bertsioei esker salmentak bikoiztu dituztela diote.