2024ko hirugarren hiruhilekoaren finantza txostena argitaratu du N handiak: 2,62 milioi gailu saldu ditu uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean.
Nintendok 146 milioi Switch kontsola baino gehiago saldu dituela jakitera eman du azken dokumentu finantzarioan.
Japoniarren webgunean irakur dezakegun txostenean uztailaren 1etik irailaren 30era bitarteko datuak eta salmentak bildu dituzte. Switcharekin jarraituz, epe horretan 2,62 milioi kontsola saldu dituztela aipatzen dute; iazko hiruhileko berera begira jartzen bagara, 2,93 milioi gailu saltzea lortu zuten. Ez dute erritmoa askorik jaitsi, hortaz. Modeloei dagokienez, Switch OLED bertsioa izan da salduena: salmenten % 48 eskuratu ditu, 1,25 milioi ale, beraz.
Ez zaio askorik geratzen inoizko kontsolarik arrakastatsuena izateko, baina ziurrenik ez du lortuko: aurretik Nintendo DS eramangarria dauka, 154 milioi salmentekin; ostean, erabateko txapelduna garaitu beharko luke, PlayStation 2a, 155 milioi kontsola baino gehiago saldu baizituen.
Nola ez, bideojokoen salmentak ere aipatu dituzte dokumentuan. Guztira, 39,64 milioi joko saldu dituzte hiruhilekoan.
Txapelduna The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom izan da; dirudienez, lehen bost egunetan —irailaren 26an estreinatu zen-eta— 2,58 milioi ale saldu zituen nazioartean.
Bere atzetik Switcheko klasikoenetan klasikoena dabil; izan ere, Mario Kart 8 Deluxe beteranoak 1,37 milioi joko saldu ditu uztailetik irailera. Txalotzekoa, kontsolarekin batera estreinatu zen titulua dela kontuan hartuta… eta, kontsolako salduena, noski: 64,27 milioi joko inguru saldu dituzte guztira Nintendokoek.
Hiruhilekoarekin jarraituz, Paper Mario: The Thousand-Year Door birmasterizazioak 180.000 ale saldu ditu egunotan (1,94 milioi guztira); Luigi’s Mansion 2 HDk 380.000 joko saldu ditu (1,57 milioi kaleratu zenetik); harritzekoa da, baina The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom eta The Legend of Zelda: Breath of the Wild kopuru berera iritsi dira, 240.000 joko salduta (21 milioi eta 32,29 milioi guztira, hurrenez hurren); Pokémon Scarlet eta Violet bikotea 400.000 jokotara iritsi da (25,69 ale guztira); bukatzeko, Animal Crossing: New Horizons-ek 600.000 ale saldu ditu (46 milioiak gaindituz), Super Smash Bros. Ultimate-k 480.000 joko (35 milioi) eta Super Mario Odyssey-k 290.000 joko (28 milioi).
Switch 2a, zeruertzean
Ez dira zifra batere eskasak, baina Nintendo etorkizunera begira dago jadanik. Switcharen oinordekoa aurtengo urte fiskalean, hau da, 2025eko martxoa baino lehen iragartzeko asmoa agertu zuten uztailean.
Esandakoa mantentzen jarraitzen dute: Shuntaro Furukawa Nintendoren presidenteak bete egingo dutela agindu du gaurko finantza txostenarekin batera.
Pokémonen karta joko berria
Nintendori lotuta dago Pokémon marka: The Pokémon Company eta Game Freak enpresekin batera, N handia Pikachu-ren eta gainerako sakeleko munstroen jabea da.
Urriaren 30ean bideojoko berria kaleratu zuten: gailu mugikorretarako Pokémon TCG Pocket karta jokoa. Lehen salmenta datuak ezagutu ditugu, eta sekulako arrakasta izaten ari da: 12 milioi dolarretako irabaziak lortu dituzte lehen lau egunetan.
Titulua doakoa da, baina ordainpeko elementuak biltzen ditu Android eta iOS bertsioetan.
Iruzkinak