Kontsola baten estreinaldirik arrakastatsuena lortu du N handiak.

Nintendok Switch 2 kontsolaren lehen salmenta datuak eskaini ditu. Prentsa oharrean azaldu dutenez, merkaturatu osteko lau egunetan 3,5 milioi salmentak gainditu ditu gailu hibrido berriak nazioartean.

Zifra ikusgarria da. Kontsola baten estreinaldirik arrakastatsuena lortu dute japoniarrek: “Nintendoren edozein hardwarentzat lehen lau egunetako nazioarteko salmenten maila arrakastsuena da”, diote oharrean. Zuhur dabiltza, Nintendoren zein aurkarien markak hautsi baitituzte.

Adibide modernoa jartzearren, Switch originalak 2,74 milioi gailu saldu zituen lehen hilabetean —2017ko martxoaren 3tik martxoaren 31ra bitartean, alegia—. PlayStation 5ak hilabete behar izan zuen Switch 2aren salmentetara iristeko, baina, noski, garaiko txipen eskasia eta bestelako arazoak nabarmentzekoak dira.

Nintendoren kasuan, nahiz eta banaketaren orduan oztopo txiki batzuk egon diren arren —normala den bezala—, ez da egon inolako arazorik Switch 2a eskuratzerako unean. Hardware datuak jasota, bideojokoenak ezagutzea geratzen da —baina finantza txostenari itxaron beharko diogu, ziurrenik—; izan ere, ez da erotzekoa Mario Kart World ia Switch 2 guztiekin batera erosi dela pentsatzea.

Hirugarrenen tituluen zaparrada jaso du gailuak, gainera: Cyberpunk 2077, Hogwarts Legacy, Yakuza 0, Deltarune, Street Fighter 6, Split Fiction, Hitman World of Assassination, Sid Meier’s Civilization VII eta gehiago joka daitezke, lehen egunetik, Switch 2an.

Retrobateragarritasunarekin ezusteko ederra eraman dute erabiltzaileek. Nintendok doako zein ordainpeko gaurkotzeak zeuzkan iragarrita hainbat bideojokorentzat, baina, inolako eguneratzerik gabe ere, hobekuntza nabarmenak ikus ditzakegu Switch originalaren jokoak Switch 2an jokatuz gero: bereizma, segundoko fotogramen tasa eta bestelako ezaugarri grafikoak areagotuta zein hobetuta aurkituko ditugu kontsola berrian exekutatzerakoan. Noski, joko zaharren salmentak berpiztea ekar dezake honek.

2025ari begira atsedenik gabe ariko dira Nintendo Switch 2aren erabiltzaileak. Donkey Kong Bananza uztailaren 17an jasoko dute; ostean, Pokémon Legends: Z-A urriaren 26an helduko da kontsola berrira zein aurrekora; plataforma bietara iritsiko da, baita, Metroid Prime 4: Beyond desiratua aurten; amaitzeko, urte bukaerarako Hyrule Warriors: Age of Imprisonment agindu digute, eta Kirby Air Riders ere 2025ean jasoko dugula dirudi.

 

Splatoon Raiders aurkeztu du Nintendok

Aipatutakoei Nintendoren azken iragarpena gehitu behar zaie. Atzo arratsaldean, Nintendo Today aplikazioaren erabiltzaileek albiste berria jaso zuten: Splatoon Raiders iragarri zuten japoniarrek.

Splatoon sagaren spin-off edo bigarren mailako bideojokoa izango dela dirudi, nahiz eta ez daukagun informazio askorik. Switch 2ko esklusiboa izango da, hori bai, eta Spirhalite irlak esploratzera eramango gaitu.

Nintendoren tiro jokoen frankiziarekin jarraituz, Splatoon 3rentzako eguneratze handia ere aurkeztu da. 10.0.0 adabakiak armak, medailak eta beste hainbat berrikuntza gaineratuko dizkio 2022ko bideojokoari.

Are gehiago, Switch 2ko jokalariek atal grafikoa txukunduta ikusiko dute bihartik aurrera; ohi bezala, “hobetutako grafikoak zein areagotutako segundoko irudien tasa” agindu dituzte N handikoek. Bi kontsoletako jokalariek elkarrekin nahiz elkarren aurka jokatu ahalko dutela berretsi dute.