LCD pantailarekin estreinatuko dela aurreratu dute Omdia eta Bloomberg enpresek.
Nintendok hurrengo kontsola aurten kaleratuko luke. “Switch berria” urte bukaerarako prest edukiko dutela aurreratu du Omdia enpresako Hiroshi Hayase analistak.
Informazioa Bloomberg agerkariak zabaldu duenez, kontuan hartzekoa da. Hayasek dioenez, zortzi hazbeteko LCD pantailadun gailua prestatzen dabiltza N handikoak. Informazioa egiazkoa bada, OLED bertsioa ikusi gabe geratuko dela dirudi, oraingoz: kontsola originalak 2021ean jaso zuen pantaila eraberritudun modeloa.
Ez dugu informazio gehiagorik jaso, zoritxarrez: Switcharen oinordekoa bada, kontsola hibridoaren aurrean gaudela suposatzea da logikoena. Modu eramangarrian zein pantailetara konektatuta funtzionatzen duen gailua, alegia.
Zalantza handienetakoa, ordea, retrobateragarritasunarena da: egungo Switch belaunaldiko jokoak natiboki mugitzeko gai izango ote da, eta gauza bera gertatuko ote da kontsola birtuala bezalako zerbitzuekin?
Bloombergekoek Nintendori Hayaseren informazioaren inguruan galdetu diotenean, japoniarren erantzuna motza izan da: “Ez daukagu ezer aipatzeko”. Dena dela, kontsola 2024ko azken hilabeteetan estreinatuko balitz, ez litzateke askorik falta beharko Nintendok ofizialki iragartzeko.
Switcha, hirugarren kontsolarik salduena
2017an argitaratu zen Switch originala. Ordutik hona Nintendoren bigarren kontsolarik arrakastatsuenean bilakatu da —Nintendo DSaren atzetik, PlayStation 2a da salduena—, 132 milioi salmentak gaindituta.
Hainbat aldiz entzun ditugu bere oinordekoaren zurrumurruak; hala ere, zazpi urteko ibilbidearekin eta azken joko handiak mugitzeko arazoekin, lehen Switchak erretiroa hartzeko garaia dauka.
Iruzkinak