Indar areagotuko kontsola hibridorik gabe geratuko dira Nintendoren zaleak. OLED bertsioa iragarri zuten egun batzuk.
Nintendo markaren jarraitzaileak Nintendo Switch Pro, Super Nintendo Switch edo antzeko izena edukiko lukeen kontsola eraberrituaren zain eman dituzte azken hilabeteak. Uda inguruan horren iragarpena espero zen, baina azkenean OLED bertsioa ezagutzera eman zuten Kiotokoek. Hori horrela, asko dira beste modelo berri baten zain geratu direnak, baina japoniarrak ez dabiltza horrelakorik prestatzen.
Adierazpenak Twitter bidez egin dituzte Bloomberg agerkariak OLED modeloarekin Nintendok irabazien kopurua areagotzen ikusiko zuela ziurtatu ondoren. Japoniarrek txioan azaldu dutenez, ezagutzera emandako bertsioa urte honetako urrian merkaturatuko dute, eta horren ostean ez daukate Switch eraberriturik prestatzeko planik aurreikusita.
Modu horretara indar handiagoko bertsioaren zurrumurruak guztiz alboratu dituzte, aldi baterako behintzat. Nintendok hainbatetan adierazi du Switcharen bizitza komertziala aurreko kontsolena baino luzeagoa izatea nahi dutela, beraz ikusteko dago bere oinordekoa argitaratu aurretik beste modeloren bat prestatuko duten.
Etekinei dagokienez, txio berberan Bloombergek egindako adierazpenak “okerrak” direla azpimarratu dituzte Nintendokoek. Izan ere, ekonomia aldizkariaren arabera OLED modeloaren ale bakoitza fabrikatzeak modelo arrunta ekoiztea 3 eta 5 dolar garestiagoa izango zen Nintendorentzat; OLED bertsioa, baina, 50 dolar garestiago merkaturatuko dute.
“Gure inbestitzaile eta bezeroen artean argi geratzeko, aldarrikapen horiek okerrekoak direla adierazi nahi dugu”, diote Nintendokoek txioan.
Nintendo Switch OLED bertsioa urriaren 8an merkaturatuko da.
Iruzkinak