Ekainean Direct aurkezpena egongo da, baina ez da kontsola berria agertuko. Egungo urte fiskaleko datuak eskaini ditu Shuntaro Furukawa presidenteak.

Zerga urtea bukatuta, Nintendokoak etorkizunera begira jarri dira. Zehazki, hurrengo kontsolara. Shuntaro Furukawa Nintendoko presidenteak iragarri duenez, “Switch-aren oinordekoa aurtengo zerga urtean aurkeztuko dugu”.

Hau da, gaurtik datorren urteko martxora arte daukate N handikoek kontsola berria iragartzeko. Zerga urte bukaeran merkaturatuko litzateke, hainbat iturrik diotenez, beraz iragarpena 2024a bukatu aurretik egitea espero da.

Hori bai, ez dute hurrengo Nintendo Direct aurkezpenean egingo. Ekainean zuzeneko berria jasoko dugula aurretu digu Furukawak, baina ez dute kontsola berriari buruzko daturik aipatuko.

Kontsola ezagutu gabe, baina, jokoengan pentsatzen hasi beharko gara; izan ere, Nintendok titulu gutxi batzuk dauzka iragarrita Switcharen azken hilabeetetarako. Maiatzean estreinatuko den Paper Mario: The Thousand Year-Door eta ekaineko Luigi’s Mansion 2 alboratuta, ez dute ezer gordeta. Switch 2aren lehen jokoak ezagutuko ote ditugu?

Zurrumurruak zabaltzen hasiak dira jadanik, nola ez, eta ustezko izena entzun dugu: Nintendo Switch Attach deituko litzateke hibridoaren ondorengoa. YouTube plataforman irakur zitekeen inkesta batean aipatzen zen; hori horrela, fidagarritasun maila eskasa dauka zurrumurruak… baina auskalo.

Bloomberg agerkariaren arabera, zortzi hazbeteko LCD pantailadun gailua prestatzen dabiltza N handikoak; hori horrela, egungo kontsolaren oinarriak mantenduko lituzkete.

 

141,32 milioi Switch

Iragarpenekin batera, igarotako urte fiskalaren datuak ere ezagutzera eman dituzte japoniarrek txosten fiskalean. Daturik esanguratsuena Switcharen salmentena da: 141.32 milioi kontsola saldu dituzte 2017ko martxoan merkaturatu zutenetik, 15.7 milioi 2024ko zerga urtean.

Horri lotuta, salmenten aurreikuspenak ere aipatzen dira txostenean. 13.5 milioi kontsola saltzea espero dute 2025eko martxo aurretik. Adi datuari: aurreikuspenak betetzen badituzte, Nintendo Switcha historiako kontsolarik salduena izango litzateke.

Bideojokoen salmenta datuak ezagutu ditugu, bukatzeko: 1.235,82 milioi joko saldu dituzte Nintendokoek. The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom da azken hilabeteotako izarra, 20.61 milioi salmentak gaindituz. Atzetik Super Mario Bros. Wonder dauka: 2023ko urrian estreinatu zenetik 13.44 milioi ale baino gehiago saldu ditu. Pikmin 4k 3.3 milioi joko saldu ditu, eta 2,6 milioi Super Mario RPGk. Bukatzeko, Princess Peach: Showtime! eta Mario vs. Donkey Kong jokoek milioiaren langa gainditu dute.

Mario Kart 8 Deluxe nekaezinak, amaitzeko, 8.18 milioi joko saltzea lortu du azken urte fiskalean; guztira, 62 milioiak gainditzea lortu du lasterketa jokoak, kontsolako jokorik arrakastatsuenean bilakatuz.