Nintendo 64 eta Sega Mega Drive kontsoletako jokoak eskainiko ditu zerbitzu bereziak, beste hainbat eskaintzekin batera. NSO arruntaren bikoitza balioko du.
Maila berria jasoko du urriaren 26an Nintendo Switch Online harpidetza zerbitzuak: Expansion Pack izenpean —Nintendo 64ko osagarriaren omenez—, askotariko berritasunak eta ezaugarriak gehituko dizkio kontsola hibridoaren sareko zerbitzuari.
Udazkeneko Nintendo Direct aurkezpenean iragarri modura, Nintendo 64 eta Sega Mega Drive kontsoletako jokoak bilduko ditu harpidetzaren maila honek. N Handiaren 64 bit-eko gailuaren kasuan, bederatzi obratara jokatu ahalko dute harpidedunek hasiera batean:
- Super Mario 64
- The Legend of Zelda: Ocarina of Time
- Mario Kart 64
- Lylat Wars
- Sin and Punishment
- Dr. Mario 64
- Mario Tennis 64
- Operation: WinBack
- Yoshi’s Story
Segaren kontsola maitatuaren aldetik hamalau izango dira Switchean jokatzeko abenturak. Hemen doa zerrenda:
- Sonic the Hedgehog 2
- Streets of Rage 2
- Ecco the Dolphin
- Castlevania: Bloodlines
- Contra: Hard Corps
- Dr. Robotnik’s Mean Bean Machine
- Golden Axe
- Gunstar Heroes
- M.U.S.H.A.
- Phantasy Star IV
- Ristar
- Shining Force
- Shinobi 3: Return of the Ninja Master
- Strider
Aipatutako jokoek ezaugarri bereziak jasoko dituzte Switchean. Hasteko, partidak hodeian gordetzea ahalbidetuko dute Nintendokoek. Berrikuntzarik esanguratsuena, baina, online jokatzeko aukera izango da: jatorrizko jokoek ezaugarri hori ez zuten arren, Mario Kart 64ra, Streets of Rage 2ra edota Golden Axera sarean jokatu ahalko dute lagunekin erabiltzaileek. NES eta SNES kontsoletako jokoekin egin bezala, partidak nahi bezala gorde daitezke, baita hauetan edozein unetan atzera egin ere.
Etorkizunean bi gailu hauetako are bideo-joko gehiago helduko dira NSO + Expansion Pack harpidetzara. Nintendokoek aurreratu dutenez, Banjo-Kazooie, Pokémon Snap, The Legend of Zelda: Majora’s Mask, Kirby 64: The Crystal Shards, Mario Golf, Paper Mario, F-Zero X eta gehiagotara jokatu ahalko da laster kontsola hibridoan.
Bestelako onurak ere jasoko dituzte NSO + Expansion Packen harpidedunek. Esaterako, pasa den ostiralean iragarritako Animal Crossing: New Horizons-en Happy Home Paradise ordainpeko espantsioa doan eskuratuko dute zerbitzuaren erabiltzaileek.
Eduki berri guzti hauek prezioan eragina izango dute, noski. Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzak urtean 39,99 euroko prezioa edukiko du; ezingo da hilabetero edo hiruhilabetero ordaindu, maila arruntarekin gertatzen den bezala. Familia harpidetzak, bestalde, 69,99 euro balioko ditu: zortzi pertsonak erabili dezakete. Hau da, Expansion Pack harpidetzak NSO arruntaren bikoitza balio du.
Zerbitzuaren inguruko azalpen guztiak eskaintze orrialde berezia sortu du Nintendok webgune ofizialean.
Iruzkinak