N handiak ez ditu demandaren edukiak zehaztu oraindik. Urte hasieran estreinatu zen Palworld PCan zein Xbox-ean.

Nintendo eta The Pokémon Company enpresek demanda aurkeztu dute Pocketpair estudio japoniarraren aurka. Palworlden egileek “hainbat patente urratu” dituztela diote Pokémon frankiziaren jabeek.

Palworlden egileei indemnizazioa eskatzen diete kalte galerengatik Tokioko distritu auzitegiaren aurrean, prentsa ohar ofizialean aipatzen dutenez. “Nintendok bere jabetza intelektualari egindako urraketengatik babesten jarraitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu”, diote bertan.

Berandu, baina ziur iritsi dira N handikoen ninja judizialak. Demandaren edukia ezezaguna da oraindik. Stephen Totilo kazetaria Nintendorekin harremanetan jarri da, eta kiotokoen erantzuna hurrengoa izan da: “Demanda hau edukiaren inguruan egindako ikerketa sakona burutu ondoren aurkeztu dugu. Ez dugu inolako adierazpenik egingo demandaren edukiari buruz”.

Adituek dioten bezala, bitxiena patenteak urratzeagatik demandatzea da, lizentzia edo copyright kopiengatik edo urraketengatik izan beharrean; orain egun batzuk Pocket Monster Reissue bideojokoaren egileen aurkako demanda irabazi zuten, hain zuzen ere, copyright arau hausteengatik —kasu honetan Pikachu edo Ash agertzen ziren zuzenean—.

Zer da, beraz, patente urraketatzat har dezaketena? Txikikeria garrantzitsuak, ziurrenik: pokeball ezagunen antzeko mekanika erabiltzen du Palworldek. Pal Sphere izeneko esferekin harrapatuko ditugu Pal izakitxoak, eta hori nahikoa izan daiteke Nintendorentzat, besteak beste, demanda aurkezteko.

 

Milaka jokalari ehizan

Palworlden eztanda pixkat baretu da, baina gaur egun ere milaka jokalari elkartzen jarraitzen du Pocketpairren bideojokoak. Urtarrilean PCan zein Xboxen estreinatu zenean, aldi berean bi milioi pertsona baino gehiago biltzea lortu zuen Steam-en; gaur egun, ordea, 30.000 ingurura iristen da, nahiz eta kopurua nabarmen hazi daitekeen eguneratze berriak argitaratzerakoan.

Pokémon estiloko izakiak mundu irekiarekin, baseen eraikuntzarekin zein kudeaketarekin... eta armekin batzen ditu Palworldek.

Lortutako arrakastak aurreikusitakoak zeharo gainditu zituen estudio japoniar txikiarentzat; izan ere, jokalarien kopuru harrigarriari aurre egiteko zerbitzarien karga areagotzeko esnatu behar izan ziren goizaldeko orduetan.

Zurrumurruen arabera, bertsio berria prestatzen dabiltza Pocketpairkoak: PlayStation 5 kontsolakoa, hain zuzen ere. Datorren asteko Tokyo Game Show azokaren egitarauan Pocketpairrek PS5eko aukera markatuta zeukala ikusi zuten hainbatek, azkar batean ezabatu zen arren. Gutxi geratzen da egia ote den baieztatzeko.