N handiaren arabera, “ez dago Switcheko jokoak Yuzun erabiltzeko legezko biderik”. Emulatzailearen garapena bertan behera geratzea eskatzen du.

Nintendok Yuzu emulatzailaren egileak salatu ditu. Programa ezagunaren arduradunak “Yuzuren erabiltzaileek burututako lege urraketen bigarren erantzuleak” direla aldarrikatuz jarri dute salaketa japoniarrek.

Demanda txostenean are xehetasun gehiago irakur daitezke. N handiak nabarmentzen duenez, “Nintendoren joko zaharrak gailu berrietan jokatzeko aukera merkatu garrantzitsua da Nintendorentzat gaur egun, baita etorkizunera begira ere”.

Horren harira, emulatzaileei buruz daukaten deskribapena partekatu dute Kiotokoek: “Bideojokoen emulatzaileak kontsola zehatz baterako legez kanpo pirateatutako bideojokoak edozein asmo orokorrerako konputagailutan jokatzea ahalbidetzen dituzten software tresnak dira”.

Yuzun ardatuz, emulatzaile honek “Nintendo Switcheko jokoak, Nintendok soilik Switch kontsolan jokatzea ahalbidetzen dituenak”, Windows, Linux edo Android sistemetan jokatzea posible egiten du”. Hori dela-eta, “erabiltzaileek pirateatutako Nintendo Switch jokoak PCan zein Android gailuetan joka ditzakete, Nintendok bere kontsoletan nahiz jokoetan ezarritako babesengatik egin ezin daitekeena“.

Jokoak emulatzailean erabiltzerako orduan “ez dago Switcheko jokoak Yuzun erabiltzeko legezko biderik”, diote japoniarrek. Kodifikazio neurriak eta geruzak nabarmendu ditu Nintendok: prod.keys bezalako fitxategiak ezin daitezke eskuratu Switch kontsolara legez kanpoko bideetatik sarbidea izan gabe.

Hau da, gailua eraldatzea beharrezkoa da emulatzailearentzat ezinbestekoak diren kanpoko fitxategiak lortzeko, nahiz eta Yuzuren arduradunek ez dituzten hauek bere webgunean eskaintzen.

Yuzu ez da gaur egun Switcheko jokoak emulatzeko aurki daitekeen tresna bakarra. Ryujinx emulatzaileak antzeko bidea jarraitzen du, ehundaka erabiltzerekin. Hala ere, Yuzurekin gako garrantzitsua dago jokoan: Patreon sistema erabiltzen du babes ekonomikoa jasotzeko, ordaintzen dutenei emulatzailearen bertsio berriei aurretiazko sarbidea eskainita.

The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom-en estreinaldian jazotakoa aipatzen da demandan. Link-en azken abenturaren argitaratze data ofizialaren aurretik jokoa sarean aurki zitekeen, eta hainbatek —milioi bat deskarga, Nintendoren arabera— emulatzailearen bidez jokatu zuten epe horretan.

Dena den, Nintendoren demandan aipatutakoak lehen pausoa baino ez direla adierazi nahi dute askoren ustez.

 

Emulatzaileen aurka

Ez da emulatzaileen aurka jotzen duten lehen aldia, baina Nintendok ez du arrakastarik izan tresnak bertan behera uzterakoan —N64ko UltraHLE emulatzailearen arduradunek tresna ezabatu zuten Nintendoren demanda aurretik 1999an—; bai, ordea, euren bideojokoen fitxategiak batzen dituzten webguneak ezabatzerakoan.

PlayStation antzeko kasuarekin borrokan ibili zen 1999. urtean. Bleem! emulatzaileak PlayStation originaleko jokoak PCan mugitzea ahalbidetzen zuen. Erremintak berezitasun bat zeukan, ordea: garatzaileek saldu egiten zuten, diskoari kopien aurkako babesa ezarrita.

Sony-k ez zuen lortu epaia irabaztea; hala eta guztiz ere, epaiketaren nahiz Bleem!en arduradunei egindako beste salaketa batzuen kostuaren ondorioz proiektua itxi egin behar izan zuten.

Nintendok Yuzuri egindako salaketak ondorio handiak ekar ditzake emulatzaileen zein kode askeko programen mundura.