Wii-aren salmentak gainditu ditu kontsola hibridoak. Bideo-jokoen datuak bildu dituzte azken finantza txostenean.
Ikaragarrizko marka apurtu dute Nintendokoek bere azken kontsolarekin: Switchak 100 milioi salmenten langa gainditu duela baieztatu du N Handiak bere azken finantza txostenean. Zehazki, abenduaren 31ra arte 103,54 milioi kontsola saltzea lortu zuten nazioartean.
Zifra horiekin, orain arte etxeko kontsola batekin lortutako marka hautsi dute: Wii arrakastatsuak 101,63 milioiak atzean utzi ditu dagoeneko hibridoak. Gauza bera egin du, esate baterako, PlayStation originalarekin: Sony-k PS1-aren 102,49 milioi kontsola saldu zituen bere garaian. Etxean jokatuta, Nintendok oraindik Game Boy-aren eta DS-aren salmentak gainditzea bilatzen du: 154 milioi eta 118 milioi saldu zituzten kontsolen familia hauekin, hurrenez hurren.
Are gehiago, 100 milioien mugarria Wiiak eta PlayStation 4-ak baino azkarrago gainditu du denbora tarte beran. Pozteko datuak beraz Kiotokoentzat. Zifra ikusgarri hauek lortzeko iaz estreinatutako Switch OLED bertsioa lagungarria egin zaie: pantaila berriaren bertsioa 3,99 milioi saldu dituzte. Switch originalak, aldiz, 81,68 milioi ale saldu ditu; Lite bertsioak 17,87 milioi salmenta lortu ditu.
Salmentak, baina, pixkat jaitsi dira: azken zerga urteko hirugarren hiruhilabetekoan 18,95 milioi kontsola saldu dituzte guztira, aurreko urteko epe berean baino %21,4 gutxiago.
Amerikan lortu dituzte salmenta esanguratsuenak: 40,12 milioi gailu banatu dituzte bertan. Japonian 24,36 milioi saldu dituzte; Europan, berriz, 26,98 milioi. Azkenik, gainerako lurraldeetan 12,09 milioi salmenta aipatzen dira txostenean.
Bideo-jokoen aldetik salmentek gora egin dute. 2022ko zerga urteko azken hiruhilabetean 179,29 milioi joko saldu dituzte Nintendokoek; 2021eko epe bereko zifrak hobetu dituzte %1,8 batean. Pokémon-en remakeak dira arrakastatsuenak: Brilliant Diamond eta Shining Pearl jokoekin 13,97 milioi ale banatu dituzte.
Atzetik dauka Mario Kart 8 Deluxe geldiezina: iturginaren lasterketek 7,96 milioi saldu dituzte hiruhilabeteko honetan; guztira, 43,25 milioi biderrez banatu dute jokoa 2017an estreinatu zenetik, kontsolako lanik arrakastatsuena izanik. Mario Party Superstars nabarmentzen dute baita txostenean: 5,43 milioi ale saldu ditu.
Erdieroaleen krisiak jarraitzen duela, Nintendokoek zortea izan dute. Kontsolak fabrikatzen jarraitzeko arazo handirik gabe, beste marka handiek gailuen eskasia jasaten duten bitartean Switcha saltokietan ikusten jarraitzen da.
Iruzkinak