H Handiaren aspaldiko kidea da: 40 urte daramatzate elkarlanean; Donkey Kong originaletik, hain zuzen ere.
Nintendokoek beste estudio batzuk erostea ez da batere ohikoa izaten: enpresa japoniarrak bere garatzaile propioekin eratutako taldeekin edo kanpoko sortzaileekin adostutako elkarlanekin prestatzen ditu bere tituluak. Hala ere, erosketak egitera irten dela iragarri dute japoniarrek: SRD estudio beteranoa bereganatu dute.
Bideojokoen industria oso hurbiletik jarraitzen ez baduzu, agian ez dituzu ezagutuko; hala ere, mundu honen hastapenetatik dabiltza lanean: Donkey Kong, Super Mario Bros, The Legend of Zelda eta beste hainbat klasikoetan lan egin dute Toshihiko Nakago garatzailearen zuzendaritzapean.
Ikusten denez, Nintendorekin harreman estua eduki dute 40 urteko ibilbide luzean; are gehiago, Satoru Iwata-k 2010ean egindako Iwata Asks elkarrizketa batean Shigeru Miyamoto-k Super Mario Bros originala sortzen lagundu zuen taldea SRD izan zela nabarmentzen du: 1984ko abenduan Nakagori saltoak ematen dituen pertsonai handia sortzeko enkargua eman zion. Zehazki, Mario Bros arkade jokoaren pertsonaien bikoitza izatea nahi zuen. Proba horietatik jaio zen lehen SMB ezaguna.
Estudioaren azken lana iaz Switch-en estreinatutako Game Builder Garage interesgarria izan da; mugikorretarako Mario Kart Tour-en lan egindakoak dira baita. Erosketarekin SRD estudioa Nintendoren barne garatzailea izatera igaroko da.
Akordioa apirilaren 1ean itxiko da; Nintendokoek ez dute zehaztu erosketarako jarritako diru kopurua. Modu horretara, bideojokoen munduko beste enpresa handien antzeko joera ikusi dugu japoniarren aldetik: Microsoft-ek Bethesda eta Activision Blizzard erraldoiak bereganatu ditu, Sony-k Bungie erosi duen bitartean.
Iruzkinak