Mundu irekiagoa agindu dute Koei Tecmo-ko egileek. Samurai estiloko borrokez gain, ninja abileziak erabiliko ditugu oraingoan.
Nioh 3 aurkeztu du Koei Tecmo japoniarrak State of Play-aren aterpean. Japoniar mitologiaz baliatzen diren akzio tituluen jarraipena 2026an argitaratuko da.
Aldaketa handiak datoz horren arrakastatsuak egin diren Nioh jokoentzat. Hasteko, kokaleku irekiagoak ikusiko omen ditugu hirugarrenean. Jokalariek “libreki esploratu” ahalko dituztela diote japoniarrek, baina ez dakigu guztiz irekiak izango diren, edo, besterik gabe, aurreko jokoetako gune erdi irekiak handituko dituzten.
Borroketan ere mekanika berriak datoz. Orain arteko teknikei eta abileziei samurai estilo izena jarri diete: kontraerasoak eta desbideraketak dira nagusi hemen, katana, kusarigama edo nodachi bezalako armekin.
Bestalde, ninja estiloa gehituko dute Nioh 3n: gaitasun bizkorragoak eskainiko dizkigu saihesteekin, eta ninjutsu eraso bereziak erabiliko ditugu. Edozein unetan aldatuko dugu bi estiloen artean, borrokei sakontasuna eta bizkortasuna erantsita.
Sareko ezaugarriak gehitu behar zaizkie aipatutakoei: misio eta erronka desberdinak lagunekin gaindi ditzakegu, edo, bestela, mundua hauekin batera esploratu.
Nioh 3 datorren urtean estreinatuko da PlayStation 5 eta PC plataformetan. Adi, aurrerapena dagoeneko argitaratuta baitago: PS5eko jokalariek aurrealfa bertsioa proba dezakete gaurtik ekainaren 18ra arte.
Iruzkinak