Tokugawa Takechiyo gidatuko dugu shogun bilakatzeko helburuarekin. Koei Tecmo-ren ARPGa PCan zein PS5ean estreinatuko da.
Koei Tecmok Nioh 3ren trailer berria argitaratu eta kaleratze data zehaztu du State of Play aurkezpenean. Otsailaren 6an itzuliko dira japoniar deabruen aurkako borrokak.
Soulslike gisa jaio zen, baina ordutik hona aldaketa handiak jasan dituen frankizia arrakastatsua da Nioh. Hirugarren atalean are berritasun gehiago ikusiko dituzte jokalariek: esanguratsuenak, kokaleku irekiagoak izango dira.
Japoniara bidaiatuko dugu samuraien eta ninjen artean yōkai izakien aurka aritzeko. Tokugawa Takechiyo izango gara: hurrengo shōgun agintari bilaka daitekeen gaztea. Tokugawa Kunimatsu anai gazteak infernura eramango du gure protagonista; hortik aurrera, aro eta hiri desberdinetatik mugituko gara Kunimatsu geldiarazteko.
Takeda Shingen, Minamoto no Yoshitsune, Minamoto no Yoritomo, Hattori Hanzo edo Honda Tadakatsu pertsonaiak ezagutuko ditugu gure bidaietan.
Munstroen aurkako dueluetan orain arte ikusi gabeko mugimenduak eta abileziak erabiliko ditu Takechiyok. Ohiko samurai estiloarekin borrokatzeaz gain, ninja estiloa ikasiko du saihesteez eta ninjutsu ahalmenez baliatzeko, baita eraso bizkorragoak jaurtitzeko.
PCan eta PlayStation 5 kontsolan estreinatuko da Nioh 3 2026ko otsailaren 6an.
Iruzkinak