Metal Slug bezalako run and gun klasikoen mekanikak batuko ditu pixel art estetika bikainarekin. Ordenagailuetan jokatuko dugu.
Playism argitaletxeak Nitro Express retro abenturaren kaleratze data zehaztu du. Maiatzaren 19an estreinatuko da arkade aretoetako 2D tiro joko klasikoak gogorarazteko asmoarekin.
Atypical Vehicle Disposal Squad (AVDS) patruilako kide gaztean bilakatuko gara: erotutako drone gailuak suntsitzeko lana daukan agente berezian, alegia. Horrela, Tokioko kaleak zeharkatuko ditugu makinen aurka tiroka eginez.
Korritze horizontaleko jokagarritasuna ardatz badauka ere, 360 graduko apuntatze sistema askea nabarmentzen dute Grayfax Software-ko egileek. Oinez gabiltzala edozein norabidetan apunta dezakegu —pentsa Metroid Dread-en apuntatzean, adibidez— inguratzen gaituzten droneak akabatzeko; noski, buruzagi erraldoiek jarriko dizkigute trabarik handienak. Eskopetak, granadak, rifleak eta hamabi bat tresna erabiliko dituzte gure protagonistek arriskuei aurre egiteko.
Ikusgarriena, ziurrenik, eratutako atal grafikoa da. Metal Slugen arima berreskuratzen du Nitro Expressek bere pixel art koloretsuari eta landuari esker. Gozamen hutsa da mugimenduan ikustea.
Maiatzaren 19an kaleratuko da Nitro Express ordenagailuetarako.
Iruzkinak