Trioskaz garatzaileak PCan argitaratuko du. Demo arrakastatsua probatzeko aukera dago oraindik.
No, I’m not a Human beldurrezko abenturaren argitaratze data aditzera eman du Critical Reflex argitaletxeak: irailaren 15ean estreinatuko da sona handiko tituluaren behin betiko bertsioa.
Ordenagailuetara iritsiko da lehenik eta behin; dena den, Trioskaz sortzaileak PlayStation eta Xbox kontsoletako bertsioak ere aipatu izan ditu iraganean, nahiz eta azken bideoan alboratuta geratu diren.
Lehen pertsonako ikuspegiarekin eta estetika benetan bereziarekin, munduaren amaieran kokatuko gaitu No, I’m not a Humanek. Bisitari misteriotsuak iritsi dira Lurrera, eta, pixkana, mundua kaosean murgildu da: ez dakigu zer ari den gertatzen, eta gure etxera babes bila etorriko diren pertsonek kontatutako istorioek ez digute gauza askorik argituko.
Gure esku egongo da gizajo hauei aterpea emateko erabakia hartzea. Izan ere, hauen artean aipatutako bisitariak egon daitezke, gizaki itxura hartuta, guztiok hiltzeko prest: etxeko bizilagun berrien joerak aztertzea, hauei probak zein galdeketak egitea, eta, orokorrean, burua ez galtzea izango dira helburu nagusiak.
Erabakiak hartu beharko ditugu. Gelakideek zerbait ezkutatzen dutela nabarituz gero, etxetik bota beharko ditugu, baina ez dira zertan alde egiteko prest egongo… kasu horretan, bisitariak akabatzea izango da gure bide bakarra. Ziur hil behar duzun hori munstroa dela?
Duela hilabete batzuk kaleratutako demoak ikaragarrizko arrakasta lortu zuen beldurrezko jokoen zalen artean: oraindik Steam bidez probatzeko aukera daukagu. Joko osoa eduki gehiagorekin dator, noski. Istorioaren bukaerarekin batera askoz gertakari, pertsonaia zein erabaki gehiago ikusiko ditugu abenturan zehar.
Irailaren 15ean kaleratuko da No, I’m not a Human PCan.
Iruzkinak