Ezusteko iragarpenarekin batera hirugarren jokoaren trailer berria zabaldu dute Grasshopperrekoek.

Travis Touchdown bueltan dela bazekiten No More Heroesen Switcheko zaleek, baina ezustean akziozko saga zoroaren lehen bi atalak jaso dituzte. No More Heroes 1en eta No More Heroes 2: Desperate Struggleren Switcherako bertsioak iragarri zituen Nintendok bere azken Direct Minian.

Zoratzeko bideo baten bidez Grasshopper Manufacturek jatorriz Nintendo Wiirako garatutako abenturak eShop saltoki digitalaren bitartez erosi ahal direla aditzera eman zuten arduradunek.

Albistea No More Heroes IIIren trailerra erakutsi ostean eman zuten. Bideo berri horretan hack&slash jokoaren jostagarritasuna erakutsi, eta bertan bizitzeko egongo den istorio zoroaren zertzelada batzuk eman zituzten.

Eguna zehaztu gabe, No More Heroes III datorren urtean estreinatuko da Nintendo Switcherako.