Ori and the Blind Forest maisulanaren garatzaileen abentura berria da: oraingoan fantasia iluneko RPG abentura sortzen dabiltza.
Moon Studios taldeak No Rest for The Wickeden aurretiazko sarbidea iragarri du. Apirilaren 18tik aurrera PCko jokalariek RPG tituluaren beta bertsioan ibiltzeko aukera edukiko dute.
Early access honetan obraren lehen atala jokatzeko aukera edukiko dugu hasiera batean. Hainbat misio zein etsai nagusi ikusiko ditugula aipatzen dute Moongoek euren Steam orrialdean.
Garatzaileek Wicked Inside aurkezpenean eman dute berria. “Sarbide goiztiarrean jokoa hobetzen, zuzentzen eta orekatzen ibiliko gara zuon iritziei esker”, adierazi du Thomas Mahler estudioaren sortzaileak.
1.0 bertsiorako bidean jokoko azken atalak prestatzen ibiliko dira, gainera: multijokalaria gehituz hasiko dute ibilbidea, baina ostean atal berriak gehitzeko asmoa agertu dute, Isola Sacra erresuma etsaiekin, misioekin eta istorioekin handituz.
Ori and the Blind Forest zein Will of the Wisps tituluen sortzaileek girotzez eta mekanikez zeharo aldatuko dute No Rest for the Wickeden. Akziozko RPG obra da garatzen dabiltzana: Diablo edo Titan Quest bezalako jokoak gogoraraziko dizkigu, baina berezko berezitasunekin.
Aurkezpenean eskuz sortutako mundu zabala nabarmendu dute. Sekretuz beteta egongo da, eta esplorazioa saritzen jakingo dutela diote egileek: guk sortutako pertsonaia hobetzeko eta indartzeko elementuak sakabanatuta egongo dira.
Borrokek, baina, Dark Souls kutsua hartuko dute —bai, badakigu halakoak esatea ohiko dela—. Duelu pisutsu baina zehatzak ikuspegi isometrikoarekin elkartu nahi ditu jokoak, “eraso bakoitza kontuan hartzekoa” izanda. Arma bakoitzarekin eraso desberdinak egingo ditugu, baita abilezia desberdinak erabiliko ere.
Isola Sacrako eskualde bakoitzean aurkituko ditugun elementu dinamikoak azpimarratzekoak dira, gainera. Mundu bizia eratzen dabiltzala aldarrikatu dute Moon Studiokoek “bizirik” (alive) izeneko sistema prestatuz.
Baliabideen bilketa izango da beste mekanika nagusietako bat: Sacrament deitutako herrixka konpontzeko eta hobetzeko hainbat material lortzen joango gara gure abenturetan.
Bukatzeko, multijokalaria aipatu dugu aurrerago: lau jokalarirentzako abentura kooperatiboak zein PvP borrokak eskainiko ditu bideojokoak.
Esan bezala, No Rest for the Wicked aurretiazko sarbidean estreinatuko da apirilaren 18an. Ez dute honen iraupena zehaztu nahi izan, baina 1.0 bertsioa argitaratzearekin batera egungo belaunaldiko kontsolentzako bertsioak prestatuko dituzte.
Iruzkinak