Soulslike bideojokoak ARPG klasikoekin batzen ditu Moon Studios taldearen lanak. 1.0 bertsiora iristeko lanean dihardu.

Moon Studiosek eguneratze handia iragarri du aurretiazko sarbide fasean joka daitekeen No Rest for the Wickedentzat. Kooperatibo modalitatea inplementatuko da urtarrilaren 22an.

No Rest for the Wicked Together izenpean, orain arte argitaratutako mundua eta erronkak beste hiru lagunekin batera bizitzeko aukera eskainiko du.

Ikuspegi isometrikoarekin ariko gara soulslike mekanikak bereganatzen dituen ARPG honetan. Gure pertsonaia eratuta eta ekipamendua zein abileziak eskuratuta, borroka latzak biziko ditugu; kooperatiboak, halere, dueluak erraztu ditzake, baita zaildu ere, lagun arteko kolpeak ekidiezinak izango baitira zenbaitetan.

Ezpatak, aizkorak, pistolak edo magiak erabilita garaituko ditugu arerioak itzulipurdi eta saiheste artean. Borrokatzeaz gain, lagunekin batera bestelako ekintzetan parte har dezakegu: arrantzan, esaterako.

No Rest for the Wicked ez da horretara mugatzen, ordea: esploratzeko mundu zabala eta istorio sakona proposatzen ditu baita, estetika estilizatu ederrarekin batera.

 

Early access arrakastatsua

Garatzaileek Steam bidez jakitera eman dutenez, No Rest for the Wickeden sarbide goiztiarrarekin milioi bat joko saltzea lortu dute dagoeneko.

Aurretiazko sarbidea 2024ko apirilean abiatu zuten: balorazio onak eskuratu dituen arren, badira early access fase luzeegia dela pentsatzen dutenak, eta horren inguruan kritikak jaso ditu Ori jokoen estudioak; are gehiago, oraindik 1.0 bertsioaren kaleratze datarik eman gabe jarraitzen dute. 2026 bukaerarako prest edukitzeko asmoa aipatzen da, baina ez dute baiezkotzat eman gura izan.

Ordutik hona, behintzat, hainbat eguneratze handi jaso ditu, urtarrilaren 22an jasoko dituen kooperatiboaren gaurkotzearekin jarraituz.

PCan eskura dezakegu sarbide goiztiarra. Etorkizun —urrunera— begira, PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da bideojokoa, 1.0 bertsioarekin batera.