Doako Hold my Beer eduki gehigarriak aldaketen zerrenda luzea dakar. Euskaraz joka daiteke plataformak eta puzzleak batzen dituen abenturara.
Bideojoko independenteetan behin eta berriz ikusi izan ditugu lan handiko doako eguneraketak. Pasa den urte bukaeran estreinatutako Nuclear Blazen kasua da hau: Deepnight Games garatzaileak 1.5 eguneraketa argitaratu berri du. Adabakiak kanpaina handitu eta aldaketa esanguratsuak gehitu ditu.
Hold my Beer deitutako eduki gehigarria “kanpaina nagusiaren berregituraketa osoa” dela aipatu du Sébastien Benard arduradunak: jokoa behin gainditzerakoan desblokeatuko da. Zailtasun maila berria baino “askoz gehiago” izanik, plataformen eta puzzleen tituluko maila guztietan esploratzeko gune berriak gehitu dituzte.
Hala ere, horietan oztopo eta arrisku ezezagunak ere ikusiko dituzte suhiltzaileek: metraileta automatikoak, azido putzuak eta bestelakoak gaineratu dira eguneraketan. Ez hori bakarrik, misterio eta sekretu mordoa sortu du Deepnightek; nabarmentzekoak dira bi amaiera sekretuak.
Katuei eta hormei adi ibiltzeko eskatu du arduradunak: Halligan aizkora berria erabilita pareta hausteko aukera izango dute jokalariek. Guzti horiek errazago bilatzeko mailak hautatzeko aukera ere jaso du Nuclear Blazek.
Aipatutakoekin batera era guztietako aldaketak eta zuzenketak egin ditu Deepnightek: zerrenda osoa Steam-en aurki daiteke. Abentura hau edozein jokalari motari zuzendutakoa da; orain, are gehiago: zailtasuna moldatzeko aukerak areagotu dira adabakiarekin. Jokoa errazagoa edo zailagoa soilik egin beharrean, norberaren gustura jartzeko pentsatuta dagoela aipatzen da. Umeentzako joko mota nabarmentzekoa da arau eta jostagarritasun bereziekin.
Doako eguneraketa “bideojokozaleen komunitateari eta hauek eskainitako babesagatik eskerrak emateko bidea” dela nabarmendu du Benardek Steam-eko foroetan. Jokalarien aldetik jasotako feedback-a kontuan hartuta sortutako eduki gehigarria da.
Nuclear Blaze euskaraz argitaratutako bideojokoa dela aipatu beharra dago. Josu Igoa zalea arduratu zen lokalizazio lanaz garatzaileak eskainitako laguntzari esker. PC-an joka daiteke: Steam zein Itch.io saltokietan salgai dago.
Iruzkinak