Josu Igoa bideojokozalea arduratu da Sébastien Benard garatzailearen lana itzultzeaz. Suhiltzaile baten kontrola hartu beharko da plataformaz betetako abentura honetan.

Deepnight Games estudioak bere lan berria argitaratu berri du: Nuclear Blaze garatzaile bakarrak prestatutako abentura den arren, jokoa hizkuntza desberdinetara itzultzerako orduan zaleen laguntza jaso du Sébastien Benard diseinatzaileak. Hortik jaio da abenturara euskaraz jokatzeko aukera, Nuclear Blaze guztiz euskaratuta merkaturatu baita.

Itzulpen guztiaz arduratu da Josu Igoa bideojokozalea. Benarden lanaren jarraitzailea da, “aspalditik”; honek Dead Cells arrakastatsua sortu zuen Motion Twin estudioa utzi zuenean sortutako Level Designer Toolkit programarekin garatutako Petit Tracteur Bleu jokoa seme-alabekin gozatu ondoren, prestatzen zebilen Nuclear Blazek ere haurrentzako bereziki zuzendutako joko mota edukiko zuela ikusi zuen.

Interesa piztuta, jokoa euskaratzea proposatu zion Igoak Benardi, eta honek pozik eman zion baiezkoa: “Hara, itzela litzateke”. Itzultzaileentzat prestatutako dokumentua pasa, eta zalea bere lehen bideo-jokoa itzultzen hasi zen. “Lehenengoa da, bai, lehendik programaren bat itzulia nuen, baina hau dibertigarriagoa izan da”, dio Igoak.

Garatzaileak era guztietako erraztasunak eta laguntza eskaintzen ditu bere jokoen itzulpenean lan egiterako orduan. “Testuen itzulpena nahiko estandarra izan da PO fitxategiekin eta POEdit programarekin”, azaltzen du euskarazko itzulpenaren arduradunak, baina hala ere testu berezi batzuk itzultzeko laguntza ere jaso du Benarden eskutik. Esate baterako, aipatutako programa erabiltzeko gida sakona argitaratu du sortzaileak bere estudioaren webgunean.

Jokoaren build edo bertsio bereziarekin batera ekin zion Igoak itzulpenari. Bertan God Mode-a aktibatuta zeukan, era horretara suak itzali, edozein dokumentu ikusi, eta orokorrean, jokoaren jaun eta jabe izateko, “txoko eta testu guztietara erraz ailegatzeko”.

Itzulpen prozesuaren inguruan, irrati bidezko komunikaziorako erabilitako hitz gakoak nabarmentzen ditu zaleak: “roger” edota “copy” hitzekin bueltaka ibili zela dio, baina azkenean euskarazko hitz soilak erabiltzea erabaki zuen: “jasota” eta “entzun”. Bestalde, “watch your step” esaldia itzultzerakoan Igoak bere eskualdeko espresioa erabili duela aipatu du, “kuadrillan ere bereziki erabiltzen duguna umore tonuan”.

Egindako lanarekin “gustura” geratu ondoren, “gehiagorako gogoarekin” gelditu dela dio Igoak. “Joko hau motz samarra da (446 sarrera) eta horrek ere lagundu du gogoarekin gelditzen. Hurrengoren batekin animatzen banaiz ere, motza izatea saiatuko naiz”.

Nuclear Blaze Game Erauntsiaren euskaratutako bideo-jokoen zerrendara gehitutako azken jokoa da. Bertan euskaraz jokatu daitezkeen joko guztiak daude, bai komunitateak eta zaleek itzulitakoak, bai garatzaileek propio euskaraz sortutakoak.

 

Suteak, jauziak eta puzzleak

Nuclear Blaze atzo kaleratu zuen Deepnight Gamesek PC-rako: zehazki, Steam saltoki digitalean eskuratu daiteke abentura. Suhiltzaile baten kontrola hartuko dute jokalariek; honen helburua gune militar bat esploratzea eta bertako suteak itzaltzeak izango da, erreskatatzeko jendea bilatuta.

“Abentura handia bezain motza” dela dio Benardek, oraingoan Dead Cell-sekin eratutako roguelike estilotik urrunduta. Berez bideo-joko zaila izango da Nuclear Blaze, baina iaiotasun maila guztietako jokalariei zuzenduta dago, zailtasun maila aldatzeko hainbat aukera eskainiko baititu.

Horien artean dago Igoak aipatutako umeentzako modua, diseinu, arau eta jostagarritasun bereziarekin. “Helburua ondo pasatzea da, beraz ez izan beldurrik ezarpenak aldatzerako orduan”, dio garatzaileak.