Bideojokoren atal estetikoa aldatzen du Nvidiaren ezaugarri berriak, aurpegiak, koloreak, itzalak eta bestelakoak eraldatuz.

Nvidiak DLSS eskalatze sistemaren 5.0 bertsioa iragarri du. Berritasunen artean adimen artifizialaz baliatutako iragazkia aurkeztu da; teknologiak, baina, haserrea eragin du bideojokozaleen eta sortzaileen komunitateen artean.

Zenbait bidejokotan “argiztapen eta material fotoerrealistak” gehitzeko balioko du ezaugarriak, egileen arabera: “DLSS 5ek bideojokoaren fotograma bakoitzaren koloreak eta mugimendu bektoreak sarreratzat hartzen ditu, eta adimen artifizial modeloa erabiltzen du 3D edukiei lotutako argiztapen eta material fotoerralistak gehitzen ditu irudietan”.

Resident Evil: Requiem, EA Sports FC, Starfield, Hogwarts Legacy nahiz Assassin’s Creed Shadows bezalako tituluak hartu dituzte erakustaldirako. Grace Ashcroft REren protagonista berriaren aurpegia eraldatuta eta transformatuta ikus dezakegu irudietan, adimen artifizialarekin argi eta garbi itxuraldatutako pertsonaia erakutsita. Pertsonaien modeloek, noski, ez dute aldaketarik jasotzen poligono aldetik: iragazki hutsa da DLSSarena.

Filtroa ez da pertsonaietara mugatuko: inguruneetako koloreak, itzalak edo testurak aldatuko ditu, Digital Foundry-koek argitaratutako bideoan ikus dezakegunez.

Esan bezala, teknologia berriak ez du harrera ona jasan. Garatzaileak nahiz jokalariak haserre agertu dira, obra desberdinen arte zuzendaritza eta sortzaileek egindako lana zapuzteko balio duen ezaugarria dela aldarrikatuta, besteak beste. Iragazkia, gainera, ez da egonkorra, nahiz eta errenderizazio neuralgikoarekin emaitza hobeak lortzen dituzten; hori dela eta, filtroak apaindutako aurpegiak edo testurak aldatzen joan daitezke eszena batetik bestera, pertsonaien zein inguruneen izaerak erabat hautsita.

Aipatutakoari, beharrezko hardwarea gehitu beharko zaio. Nvidiatik ez dute publiko egin, baina iragarpenean erakutsitako DLSS 5 bertsioa mugitzeko bi RTX 5090 beharrezkoak omen dira, jokoaren arabera. Behin betiko bertsioarekin errendimendua optimizatuko dutela pentsa nahi dugu, baina enpresaren adierazpenen zain geratu beharko gara.

Jensen Huang Nvidiako arduradun nagusia kexen inguruan mintzatu da. Tom's Hardware agerkariari zaleak "zeharo oker" daudela erantzun dio, "artisten kontrola ez duela aldatzen" aldarrikatuz. "Ez da postprozesatzea, ez da fotograma mailako postprozesatzea, geometria mailako kontrol sortzailea da". Noski, Huangen adierazpenek are kritika gehiago eragin dituzte

Udazkenean iritsiko da Nvidia DLSS 5.0. Ez badago aldaketarik, Capcom, Bethesda, NetEase, Ubisoft edo Warner Bros. Games bezalako estudioen bideojokoetan ikusiko dugu.