DLSS4 eskalatze sistemarekin eta Multi Frame Generation teknologiarekin kaleratzen hasiko dira urtarril bukaeran, besteak beste.
Nvidiak ohiko aurkezpen handia egin du Las Vegas hiriko CES azokan. Erakutsitakoen artean RTX 50 txartel grafikoen seriea gailendu da.
Blackwell arkitektura berrian oinarritutako lau GPU aditzera eman dituzte: RTX 5090, RTX 5080, RTX 5070 Ti eta RTX 5070 grafikak, alegia.
Argi dagoenez, RTX 5090a dugu indartsuena: “RTX 4080aren errendimendua bikoiztuko duela” diote Nvidiakoek. GDDR7 memoriadun 32 GBekin merkaturatuko da; dakarren guztia funtzionarazteko 575 Wko kontsumoa edukiko du. Gama goreneko grafika ez da merkea: 2.000 dolarretako prezioan kaleratuko dute urtarrilaren 30ean.
Egun berean iritsiko da baita RTX 5080 txartela. GDDR7 memoria errepikatuz, 16 GB RAMetara mugatuta egongo da; kontsumoa, behintzat, 360 Wtara jaitsiko da. 1.000 dolarretatik hasita erosi ahalko dugu urtarrilaren bukaeran.
Otsailean, oraindik egun zehatzik gabe, helduko dira RTX 5070 Ti eta RTX 5070 xumeagoak. Ti modeloak 5080aren 16 GB RAMak mantenduko ditu, banda zabalera eta CUDA nukleoak murriztuz, 750 dolarretan. 5070 arruntak, bukatzeko, GDRR7 memoriadun 12 GB RAM eskainiko ditu 550 dolarretan.
PC eramangarrietarako RTX 50ak ere iragarri dituzte: memoria mugatuagoarekin, maiatzetik aurrera ikusiko ditugu.
Tresna interesgarriak belaunaldi berriarentzat
Erreminta eta tresna sorta berriarekin ailegatuko da RTX 50 seriea. Esanguratsuena, DLSS4 eskalatze sistema zaharberritua. Adimen artifizial bidez bereizmen baxuagoetan eta kalitate gorenean jokatzen ahalbidetzen jarraituko du; oraingoan, DLSS Ray Reconstruction eta Super Resolution modeloen transformadore berria nabarmentzekoa da, irudiaren kalitatea nabarmen hobetuz, ghosting-a murriztuta eta xehetasun maila egonkortuta.
75 bideojokok erabiliko dute estreinatzerakoan, baina etorkizunean are gehiagok jasoko dute DLSSaren laugarren bertsioa.
Horrez gain, Multi Frame Generation ezaugarria aurkeztu dute Nvidiakoek. Egungo Frame Generationen eboluzioa da: adimen artifiziala erabilita, fps-etan irudiak txertatzeko balio du, errendimendua areagotuz. Oraingo bertsioak irudi bakarra gehitzen du jatorrizko irudiko; MFGarekin, ordea, hiru irudi txertatuko dituzte irudi originaleko, fps tasari gorakada nabarmena emanda.
Nvidia Reflex 2ari buruzko datuak eskaini dituzte, bukatzeko: Frame Warp izeneko teknologiarekin latentzia % 75ean murrizteko gai izango direla agintzen dute. RTX Neural Shaders eta RTX Neural Faces ezagutzera eman dituzte, baita, materialen argiztapena eta efektuak hobetuz.
AMDk ere belaunaldi berria aurkeztu du
AMDkoengana igarota, hauek ere txartel grafikoen belaunaldi berria ezagutzera eman dute CES 2025 azokan: Radeon RX 9070 XT eta RX 9070 izango dira etorkizuneko GPUrik indartsuenak gorrien aldetik.
Hala ere, ez dute datu zein zehaztapen handirik eskaini. RDNA 4 arkitekturarekin datozela dakigu; bestalde, FSR4 eskalatze sistema erabiliko dute.
Aldaketarik esanguratsuena alor horretatik dator: FSR4 grafika berrientzat esklusiboa izango da, orain arteko sistema zeharo aldatuz. Ikaskuntza automatikoa (machine learning) erabiliko du irudiaren kalitatea hobetzeko; modu horretara, Nvidiaren DLSSaren kalitate mailara hurreratzea espero dute.
Iruzkinak