Komunitatearentzat sortutako bideojokoak bermasterizatzeko tresna dugu. Doan jaitsi daiteke.
Nvidiak azken urteotan iragarritako erremintarik interesgarrienetakoa kaleratu berri du. RTX Remix deitutako programa beta bertsioan argitaratu du: “Behin betiko modding plataforma” dela diote arduradunek.
Bideojoko klasikoak hartu, eta hauek eraldatzeko era guztietako aukerak eskaintzen ditu RTX Remixek; hori horrela, bermasterizazioak edo remaster-ak prestatzeko bide aproposa da.
Izan ere, erremintaren baliabideak agerian jartzen dituen zenbait mod kaleratu dituzte Nvidiakoek bideojokozaleekin elkarlanean: Portal with RTX, Portal: Prelude RTX eta orain gutxi Orbifold Studios taldeak iragarritako Half-Life 2 RTX: An RTX Remix Project, adibidez.
Tresnarekin jokoetako modeloak edo argiztapena alda daitezke, baita gaur egungo erremintak inplementatu ere: “NVIDIA DLSS, NVIDIA Reflex, egungo fisiketan oinarritutako errenderizazio baliabideak (PBR) nahiz adimen artifizial bidez eratutako testurak” nabarmentzen dituzte egileek.
DirectX 8 eta DirectX 9 erabiltzen duten tituluekin bateragarria da RTX Remix. Nvidiakoek Call of Duty 2, Hitman 2: Silent Assassin, Garry’s Mod, Need for Speed Underground 2 eta Vampire: The Masquerade – Bloodlines bezalako jokoen atal teknikoa eguneratzeko erabil daitekeela aldarrikatzen dute, besteak beste.
“RTX Remix aplikazioa beta irekian argitaratuta, tresnaren indar osoa mod sortzaile esperiantziadunen eskuetan dago orain hurrengo mailako RTX modak egiteko”, diote euren webgunean. Horri lotuta, erabiltzaileei zuzendutako gida osoa irakur daiteke Nvidiaren orrialdean.
Doako tresna da RTX Remix. Jaisteko hemen sartu behar zarete; bestela, Nvidiaren Github orrialdean aurkituko duzue.
Iruzkinak