Bideojoko zaharrak erraz birmasterizatzea ahalbidetuko du, testurak hobetuz zein izpien trazadura gehituz.
RTX 4000 txartel grafikoen aurkezpenarekin batera, zenbait teknologia eta tresna interesgarri iragarri ditu Nvidiak. Horietatik nabarmenena RTX Remix deitutakoa izan da: honetan sakontzeko bideoa prestatu dute arduradunek, egin dezakeena erakusteko The Elder Scrolls III: Morrowind hartuta.
Izan ere, bideojoko klasikoak modu errazean birmasterizatzea izango da erreminta honek jokalariei eskainiko diena. Arduradunek bideoan azaltzen dutenez, Remix jokoaren gela bakoitzean erabili beharko dute mod sortzaileek —Morrowinden kasuan behintzat, tituluaren arabera erabiltzeko modua desberdina izango dela suposatzekoa baita—: horrela, ingurugiroko testurak, geometria eta argiztapena hartuko ditu, USD formatura bihurtuta.
Ondoren, ingurugiro hori nahi bezala esploratu eta eraldatu ahalko dugu. Adibidez, argiak eta itzalak soilik ikusi, eta horietatik hobekuntzak behar dituztenak hauta daitezke Remixekin. Kalitate urriko modeloak identifikatzea zein eguneratzea da beste aukeretako bat.
Testurak eta modeloak adimen artifizial bidez hobetuko dira, 4K-ko bereizmenera areagotuz eta izpien trazadura gehituz. Modu horretara, denbora errealean eszena desberdinak ikuska daitezke, jokoa bera abiarazi gabe.
Dena bukatuta dagoenean, birmasterizazioa esportatzea ahalbidetzen du Nvidiaren programak. Nola ez, burututako lana jokalarien komunitatearen artean partekatzea posible izango da. Horrez gain, Adobe Substance 3D Painter, Autodesk Maya, 3ds Max, Blender, SideFX Houdini edo Unreal Engine bezalako aplikazioekin bateragarria da, egindako lanak hurrengo mailara eramatea ahalbidetuz.
Proposatzen dena sekulakoa dela aitortu beharra dago. Egia da mod sortzaileek lan handia egiten jarraitu beharko dutela, baina tresnak eskaintzen dituen erraztasunak ikaragarriak dira. Bideoaz gain, tresna eta aukera guztiak zerrendatzen dituen artikulu luzea prestatu dute Nvidiakoek beren webgunean.
RTX Remixen funtzionamendua Morrowindekin erakutsi badute ere, ez dute bertsio hau kaleratzeko asmorik agertu. Horren ordez, beste joko batekin birmasterizazio ofiziala sortzeari ekin diote Nvidiakoek: Portal with RTX azaroan estreinatuko den moda da; guztiz doakoa izango da bideojokoa dagoeneko erosita dutenentzat.
Iruzkinak