Super Resolution modeloen transformadorea hobetzen jarraitu dute. Multi Frame Gen teknologiarentzako aldaketa handiak inplementatu dituzte.

Nvidia Las Vegas hiriko CES azokatik igaro da beste urte batez berritasunak aurkezteko. Bideojokalarientzako esanguratsuena DLSS eskalatze sistemaren gaurkotzea da: DLSS 4.5 argitaratu dute berdeek.

PCko “ehundaka bideojokorekin bateragarria” dela diote arduradunek, duela urtebete aurkeztutako DLSSaren 4. bertsioari hobekuntza handiak gaineratuta.

Hasteko, iaz erakutsitako Super Resolution modeloen transformadorea hobetzen aritu direla aldarrikatu dute. Irudiaren kalitatea nabarmen hobetzen da DLSSa erabilita 4.5 adabakiarekin: egonkortasuna areagotu, ghosting-a murriztu, eta, orokorrean, ertzak leundu dituztela diote.

Dagoeneko probatu duten erabiltzaileek aldaketa ikusgarria dela aipatzen dute: DLSSaren errendimendu handiagoko aukerak —Balanced edo Performance, alegia— aktibatuta irudiaren kalitatea mantentzea lortzen omen da, jauzi esanguratsua emanda aurreko DLSS 4 bertsiotik.

Nvidiaren txartel grafiko berrienek erabil dezakete DLSS 4.5; alegia, RTX 40 zein 50 serietako GPUentzako prestatuta dago. Hala eta guztiz ere, RTX 20 nahiz 30 grafikek ere ezaugarrietako batzuk erabiltzeko gai direla azaltzen da prentsa oharrean: errendimendu aldetik inpaktua nabarmenagoa da, dena den, eta ez ditugu horren FPS igoera handiak ikusiko.

Aplikazio ofizialaren beta adabakia erabilita aktibatu ahalko dugu. Jokoen aukeretan DLSS Override feature – Model Presets grafikoen atalera sartuz gero, Latest aukera hautatu beharko da. 400 titulu baino gehiagotan funtzionatzen du; tamalez, ez dute zerrenda zehaztu.

Multi Frame Generation ezaugarriarekin lanean dihardute, baita, Nvidiakoek. Iaz aurkeztutako bigarren teknologia, Frame Generationen eboluzioa da: adimen artifiziala erabilita, fps-etan irudiak txertatzeko balio du, errendimendua areagotuz. Frame Generation originalak AA bidezko fotograma bakarra txertatzen zuen benetako fotogramen artean; Multi Frame Generationen lehen bertsioak, hiru.

Aurkeztu berri duten Dynamic Multi Frame Generation gaurkotzearekin, bestalde, sei fotograma txerta ditzakete, jokoen segundoko fotogramen tasa biderkatzea lortuta.

Noski, bere alde txarrak dauzka: zure ordenagailuak jokoa ganoraz mugitzea ezinbestekoa da, FPS baxuekin arazoak eragiten dituen teknologia baita. Hortaz, 60 edo 120 FPSak bikoiztea bilatzen dutenentzat aproposa izan daiteke, baina jokoak exekutatzerakoan sufritzen dutenek lag arazoak ikusiko dituzte, besteak beste.

Dynamic Multi Frame Generation RTX 50 txartel berrienetara mugatuta dago.