Mugikorretako Champions of the Continent jokoaren elementuak eramango ditu kontsoletara eta ordenagailuetara.
Square Enix japoniarrak uztailean iragarritako Octopath Traveler 0ren xehetasunak eskaini ditu. Abenduaren 4an estreinatuko den JRPG abentuaren mendeku istorioa eta pertsonaiak ezagutzera eman dituzte.
Orsterra kontinentera bidaiatuko dugu berriz: lehen Octopath Traveleko kokalekura, alegia. Protagonistaren jaioterriaren suntsipena ikusiko dugu bertan, eta horri lotuta joango da mendekua. Hala ere, bideojokoan zehar herrixka berreraikitzeko eta kudeatzeko mekanikak egongo direla aurreratu dute Dokidoki Grooveworks taldeko egileek.
Pertsonaiak, ordea, ezagunak izango dira gailu mugikorretarako Octopath Traveler: Champions of the Continent tituluan jokatu dutenentzat; izan ere, bertako ideiak eta premisa hartu dituzte OT 0 eratzerakoan. Gidoia berria izango dela diote, dena den, gacha mekanikak alboratuta eta narratiban sakontzeko aukera edukita.
Bestelako berrikuntza ere ikusiko ditugu: pertsonaiak sortzeko editorea eskainiko digu bideojokoak, abilezien sistema eraberrituarekin batera. Ekintza abileziak (Action Skills) izeneko ezaugarria nabarmendu dute arduradunek. Pertsonaiak pertsonalizatzeko eta indartzeko bidea izango direla dirudi; gainera, Ultimate Technique izeneko eraso boteretsuak ere ikasiko dituzte.
Bestalde, horrenbesteko arraskata eduki duen HD-2D estetikarekin errepikatuko dute; pertsonaiak 2D sprite-ak izango diren bitartean, 3D ingurune ederrak aurkeztuko dizkigu bideojokoak, Dragon Quest sagaren azken berregiteetan ikusi bezala.
Abenduaren 4an PlayStation 5, Xbox Series, Switch 2, PlayStation 4, Switch eta PC plataformetan argitaratuko da Octopath Traveler 0.
Iruzkinak