Game Pass zerbitzura ere gehitu dituzte bi JRPGak. Plataforma nagusi guztietan joka daitezke orain.
Square-Enix japoniarrak JRPG saga berria kontsola nagusietara eramateaz arduratu da. Alde batetik, Octopath Traveler II Xbox Series zein Xbox One gailuetan kaleratu du; bestetik, PlayStation 5 nahiz PlayStation 4 kontsolek Octopath Traveler originala jaso dute.
Prentsaren zein jokalarien aldetik balorazio bikainak lortu dituzten bi titulu ditugu. Txandakako borrokak, soinu banda zoragarria eta hainbat pertsonaia nagusi biltzen dituzten istorioak ezagutuko ditugu, atal grafiko ederrarekin batera.
Izan ere, gaur egun bogan dagoen HD-2D atal estetikoari hasiera eman zion bideojokoa dela esan daiteke: bereizmen handiko sprite ederrak 3D inguruneekin biltzen ditu. Laster ikusiko dugu Dragon Quest HD-2D berregitea, baina Triangle Strategy aparta ere estilo hori erabiliz sortutakoa da.
Jatorrizko Octopath Traveler 2018an estreinatu zen Switch kontsolan; ostean, PC, Stadia zein Xbox bertsioak jaso ditu, orain heldu den PlayStationeko port-arekin bukatuz. OT II, bestalde, iaz argitaratu zuten japoniarrek PC, Switch eta PlayStation plataformetan.
Xboxeko bertsioaren argitalpena ospatzeko berritasunak prestatu dituzte. Doako eguneraketaren bidez estra bataila (extra battle) modalitatea gehitu dute: arerio berri indartsuen aurka jarriko gaitu, lehen jokoko protagonistak barne. Abentura nagusia gainditzerakoan desblokeatuko dugula jakinarazi dute egileek.
Hortaz, Octopath Traveler I zein II Xbox, PlayStation, Switch eta PC gailuetan joka ditzakegu.
Iruzkinak