Star Wars: Tales from the Galaxy’s Edge edota Lone Echo II baieztatu dituzte egitasmorako, beste hainbat ezustekoren artean.
Oculusek bere plataformako bideo-jokoen inguruko lehen aurkezpen digitala izango dena iragarri du apirilaren 21erako. Oculus Gaming Showcase izenpean dagoeneko errealitate birtualeko gailuentzako argitaratutako jokoak zein etorkizunerako prestatzen ari diren obrak bilduko dituzte bertan.
Aurreratu dutenez, Cloudhead Games, Ready At Dawn, edo ILMxLAB garatzaileek beraien lanen berri emango dute aurkezpenean, besteak beste. Bideo-jokoei dagokienez dagoeneko erosi daitezkeen Star Wars: Tales from the Galaxy’s Edge eta Pistol Whip moduko obrei buruzko berritasunak aipatu edota Lone Echo II desiratuaren inguruko albisteak eskainiko dituzte.
Azken honek hainbat berandutze jasan ditu pandemiaren eraginarengatik. PlayStationeko The Order: 1886 eta PSPko God of War jokoen garatzailea den Ready at Dawnen esku dago orain ia hiru urte iragarritako Lone Echo II: ikusteko dago aurkezpenean argitaratze data zehaztuko duten.
Une honetan Oculusek errealitate birtualeko hainbat gailu ditu merkatuan: Oculus Quest 2 eta Oculus Rift S dira berrienak, baina gailu hauen aurreko bertsioak zein Oculus Touch edota Go betaurrekoekin ere jokatu daiteke beraien saltoki digitalean saldutako hainbat bideo-jokotara.
Oculus Gaming Showcase Twitch, Facebook eta YouTube bidez jarraituko ahalko da apirilaren 21ean 00:00etatik aurrera.
Quest 2, kablerik gabe
Aurkezpenaren aurretik, baina, Oculusek bere gailu berrienari buruzko berritasunak eskaini nahi izan ditu. Oculus Quest 2a kablerik gabe erabiltzeko aukera emango dute Oculus Air Link ezaugarriari esker.
28.0 eguneraketarekin "laister" aktibatuko dute Air Link. Oraindik garatzen ari diren teknologia izanik kablearekin jokatzen jarraitzea gomendatzen dute arduradunek. Halere, sei bat metrotara dagoen WiFi sare indartsuarekin erabili ahalko dela dio Oculusek. Gainera, 90 Hz-ko euskarria hobetu eta Quest 2a 120 Hz-tara erabili ahalko dela aurreratu dute. Infinite Office zerbitzuak eskaintzen dituen tresnak gaurkotu eta hobetu ere egingo dituzte adabakiarekin.
Air Linken eta 28.0 eguneraketaren argitaratze data zehaztu gabe geratu dira, beraz suposatzekoa da azken datuak aurkezpen digitalerako gordeko dituztela: erabiltzaileek eguneratzea "pixkanaka-pixkanaka" jasoko dutela diote.
Iruzkinak