Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Game Erauntsia Elkartearekin elkarlanean Minecraft bideo-jokoan oinarritutako hiru mini-joko txapelketa aurkeztuko dute.

OHARRA: TXAPELKETAK 50 PARTE-HARTZAILERA IRITSI DENEZ IZEN-EMATEA ITXI DA. PARTE-HARTZAILEEK EMAIL BAT JASOKO DUTE TXAPELKETA AURRETIK ARAUAK ZEHAZTUZ, BERAZ, ADI EGON POSTA-ELEKTRONIKOARI.

Euskaraz Minecraft-en jokatu eta sariak irabazteko txapelketa dakar Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Game Erauntsia Elkartearekin elkarlanean. Build Battle, OITC eta TNTRun mini-jokoak izango dira protagonistak arratsalde bakarrean jokatuko den saio honetan. Irabazleak Oihanederren eskutik bideo-jokoen saltoki birtual batean erabiltzeko 100 euroko diru-txartela irabaziko du, eta bigarren postuan geratzen denak 50 eurokoa. Izen-ematea doakoa da.

Bideo-joko zaleak Game Erauntsiaren Minecraft zerbitzarian bilduko gara arratsalde bat euskaraz jolasten emateko. Txapelketa honen bitartez Oihaneder Euskararen Etxeak gazteengan euskararen erabilera sustatu nahi du. Horretarako, bideo-jokoen bitartez hauen aisialdian gure hizkuntzan gozatzeko aukera hau proposatu du.

Partidak otsailaren 4ko arratsaldean zuzenean jokatuko dira eta Game Erauntsiaren Twitch kanaletik emango dira. Izena emateko epea urtarrilaren 17tik otsailaren 1era arte egongo da irekita. Parte hartzeko ordenagailurako Minecraft bideo-jokoa, Interneterako sarbidea eta Discord erabiltzailea beharrezkoak dira.

Honakoak izango dira jokatuko ditugun mini-jokoak:

  • Build Battle: Antolatzaileek proposatutako gaiarekin bat egiten duten lau eraikuntza egingo dira. Irabazlea aukeratzeko parte-hartzaileek bozketa egingo dute, beraien artean ebaluatuz.
  • OITC: Mapa itxi batean, bideojokalariek beste bideo-jokalariak gainditu behar dituzte hauek harrapatuz. Irabazlea, hilketa gehiago dituen jokalaria da, beraz, helburua hilketa gehien egitea da. Bost partida jokatuko dira.
  • TNTrun: mapa itxi batean, lurra desagertu bitartean denbora gehien jokoan irauten duen jokalariak irabaziko du. Bost partida jokatuko dira.

Izena emateko arauak eta prozedura hemen aurkituko dituzue. Gehienez 50 parte-hartzaile onartuko dira.

Partidak otsailaren 4an arratsaldeko 18:00etan izango dira eta Twitch bitartez emitituko dira twitch.tv/gamerauntsia kanalean. Parte-hartzaileak 17:40ean Discord-era eta zerbitzarira konektatu beharko dira.

Txapelketa hasi bitartean Game Erauntsiaren survival zerbitzarira gonbidatzen zaituztegu! Esteka honetan aurkituko duzue sartzeko beharrezko informazio guztia.