Proiektuaren aurrerapena bideo ederrarekin aurkeztu dute, xehetasun handiegirik eman gabe.
Okamiren jarraipena aurkeztu du Capcom enpresa japoniarrak. Zuzendaria itzuliko da, gainera: aspaldi Capcometik alde egindako Hideki Kamiya beteranoa berriz bueltatu da etxera Clover Studio mitikoa berregin nahian.
Iragarpenerako prestatu duten trailer zinematikoa ikustekoa da benetan. Pintzeldakaz osatutako margolanaren estetika erabilita, otso itxuradun Amaterasu jainkosa zelai bat zeharkatzen ageri zaigu, bidean lorez betetako estela utzita.
Oraindik ezer gutxi dakigu jokoaren inguruan, baina bideoa “proiektuaren aurrerapena” izanik, jokatzeko asko itxaron beharko dugula pentsatu beharko dugu. 2006. urtean argitaratu zen Okami originala PS2 kontsolan; 2010ean, Okamiden jarraipena ikusi genuen Nintendo DS eramangarrian; ostean, lehen tituluaren birmasterizazioak prestatu dituzte egungo plataformetarako.
Kamiyak iaz iragarri zuen bere PlatinumGames estudioa utziko zuela. Clover itxi eta Capcometik alde egin ostean eratu zuen Platinum, 2006an. Bertan Bayonetta edo The Wonderful 101 bikainak garatu ondoren, Capcomera itzuli da Okami berria sortzeko.
Iruzkinak