Eneko Zelaietak Gipuzkoan kokatuta dagoen kart zirkuitua sortu du. Doan erabili daiteke Kunos Simulazioniren lasterketa jokoan.

Asseto Corsa lasterketa simulagailu ezagunak zirkuitu berria jaso du zaleen eskutik. Gipuzkoako Olaberriko zirkuituan jokatzea posible da Eneko Zelaieta garatzaileari esker.

Kartei zuzendutako zirkuituak 1.110 metroko ibilbidea dauka, zortzi metrotako zabalerako errepidean. Zelaietak jokorako prestatutako kokapena 0.7 bertsioan dago jada: azken eguneraketarekin aurkarien adimen artifizialarentzako hobekuntzak, gauez jokatu ahal izateko argiak, errepikapenentzako kamerak eta hobekuntzak orokorrak gehitu ditu garatzaileak.

2014an Kunos Simulazionik kaleratutako Asseto Corsan erabili ahal izateko fitxategiak Race Department webgunera igo ditu Zelaietak. Doako erabiltzailea sortzea beharrezkoa da zirkuitua jaisteko; hori sortuta 188 MB-eko fitxategia jaitsi daiteke Olaberrin jokatzeko. Behin hori lortuta bideo-jokoaren zirkuituentzako fitxategira gehitu beharko da. PCrako bertsiorako soilik balio du.

Bideo-jokoak ez dira gauza berria Zelaietarentzat. Hondarribiko Come Over Gaming estudioko arduraduna da; lasterketa simulagailuentzako bereziki prestatutako gurpil eta aulkien konfigurazioak prestatzeaz gain DreamBack VR beldurrezko jokoaren arduraduna da estudioa.