Roll7 estudioak bere frankizia ezaguna beste maila batera eramango du hurrengo proiektuarekin: hiru dimentsiotako abentura izango da.
Nintendo-ren azken Indie World aurkezpenean jakinarazi dute OlliOlli World itxurosoa otsailaren 8an estreinatuko duela Roll7 estudioak: Switch-erako bakarrik ez, PCan, PS5ean, PS4an, Xbox Seriesetan zein Xbox One-an merkaturatuko da skate jokoa.
Taula gaineko kirola aspalditik dago oso lotuta bideo-jokoetara: Tony Hawk skaterrari eta Neversoft estudioari esker dela esan daiteke, baina hainbat izan dira skate mekanikak modu desberdinetara landu dituzten joko bikainak. Horren adibide da Roll7-ren OlliOlli frankizia: dagoeneko bi lan kaleratuta, aparteko kritikak eta balorazioak jaso dituzte bideojokozaleen aldetik.
Atal estetiko erakargarri zein berezia
Hirugarren atala izango denarekin beste maila batera igaroko dira indie garatzaileak: bi dimentsioak alboratu, eta sekulako itxura daukan hiru dimentsioetako mundua eratzen dabiltza OlliOlli Worlderako. Izan ere, atal estetikoak Pendleton Ward sortzailearen Adventure Time ezaguna gogorarazten du: izaki bitxiak, ingurune koloretsuak eta umore mordoa batuko ditu Radlandia erreinuak.
Jostagarritasun aldetik, baina, aurreko ataletan ikusitakoa mantendu eta hobetuko dutela dirudi. Hau da, trikimailu mordoa egin beharko dituzu puntuak lortzeko pistatik ziztu bizian zoazen bitartean. Kolpeak saihestezinak izango dira, hori bai: iaiotasun handia eskatuko du Worldek, baina aldi berean gozatzeko mekanikak aurkeztuko ditu.
Pertsonaia propioa pertsonalizatzeko askotariko aukerak eskainiko dituzte; horrez gain norbere trikimailuak eta abileziak hautatu ahalko dira. Antzekoa gertatuko da mailekin: hauek sortzeko aukera edukiko dute jokalariek, eta ondoren sarean partekatu ahalko dituzte.
OlliOlli World, esan bezala, PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan kaleratuko da otsailaren 8an.
Iruzkinak