Katamari Damacy sagako joko guztiz berria urriaren 24an estreinatuko da kontsoletan zein PCan.

Once Upon a Katamari aurkeztu du Bandai Namco-k. Kosmosaren printzeak izarren eta bestelako astroen sorkuntzarekin jarraituko du berriz, oraingoan denboran bidaiatzeari ekinez.

Ez dugu askorik itxaron beharko zoramen berriari ekiteko: urriaren 24an kaleratuko da bideojokoa PlayStation 5, Xbox Series, Switch eta PC gailuetan. RENGAME estudioa arduratuko da Katamari Damacy frankiziako obra berria garatzeaz.

Esan bezala, aro nahiz garai desberdinak bisitatzea izango da berritasun nagusia: jurasikora, izotz arora edo Erdi Aro japoniarrera bidaiatuko dugu, besteak beste, printzearekin zein bere lehengusuekin. 68 pertsonaia agintzen dituzte garatzaileek, hauek pertsonalizatzeko ezaugarriekin. Erabateko protagonista, hori bai, gure katamari esfera izango da.

Hau mugituta kokalekuetako objektuak biltzen joango gara. Txikitik handira, txanponak edo loreak xurgatuko ditugu hasiera batean, baina gure katamaria hazten doala eraikinak nahiz mendiak harrapatuko ditugu, kaosa eraginez.

Frankiziak izugarrizko berpizkundea jasan du 2011tik desagertuta ibili ondoren. Azken urteotan birmasterizazio pare bat jaso dituzte zaleek: originalaren Reroll bertsioa —hemen gure analisia— zein 2023ko We Love Katamari Reroll + Royal Reverie, are jokalari gehiago erakarrita. Arrakasta handia lortuta, Apple Arcade zerbitzuan argitaratutako Katamari Damacy Rolling Live zein iragarri berri duten Once Upon a Katamari ikusiko ditugu aurten —eta Tokiotik dabiltzanek pop up kafetegia bisita dezakete irailera arte, merchandising denda interesgarriarekin—.

Once Upon a Katamari kontsoletan zein ordenagailuetan merkaturatuko da urriaren 24an.