Maniac Panda Games estudio nafarrak 2.5 dimentsioko plataforma eta puzzle abentura prestatu du.

One Last Breath kaleratu da jada, eta euskaraz iritsi zaigu. Iruñeko Maniac Panda Games taldearen bideojokoa gure mintzairan eskura dezakegu PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan, baita PCan ere.

Hori horrela, ofizialki aurkituko dugu euskaraz: bideojokoaren aukerak arakatuz gero, hizkuntzen artean gurea hauta dezakegu aipatutako plataformetan.

Moonatic Studios-ek hasitako eta Maniac Pandak bukatutako abenturan plataformak eta puzzleak izango dira nagusi. 2.5D ikuspegiarekin, Gaia kontrolatuko dugu; hau da, Amalurra.

Hilzorian dagoen mundua sendatzea eta berpiztea izango dira gure helburuak. Munstro beldurgarriak saihestu beharko ditugu aurrera egin ahal izateko oztopoak gainditzen ditugun bitartean: jokalariek ondo ezagutzen dituzten Limbo edo Inside maisulanen mekanikak bereganatzen ditu titulu euskaldunak.

One Last Breath digitalki argitaratu dute nafarrek Catness Games argitalatxearekin elkarlanean. Hortaz, kontsolen saltoki digitaletan nahiz Steam plataforman aurki dezakegu.

Etorkizunean, ordea, bertsio fisikoa merkaturatzeko asmoa dute: PlayStation 5 eta Nintendo Switch kontsoletarako jokoa erosi ahalko dugu fisikoki.