PC-rako eta kontsoletarako estreinatuko den txandakako RPG abentura izango da. Eiichiro Oda mangakaren gidoia eta diseinuak bilduko ditu.
Monkey D. Luffy eta bere pirata tripulazioa bideojokoetara bueltatuko dira laster: Bandai Namco argitaletxe japoniarrak One Piece Odyssey iragarri berri du. 2022an kaleratuko dute “lastotxapelen orain arteko abenturarik handienetakoa”.
Iragarpenean hainbat xehetasun ezagutzera eman dituzte. Nabarmenena tituluaren generoa da: txandakako borrokak biltzen dituen RPG lana izango dela adierazi dute arduradunek. ILCA estudioak hartuko du jokoa garatzeko lana.
Irla ezezagun bat esploratzea izango da Luffyren eta lagunen helburua. Ekaitz baten ondorioz Thousand Sunny ontzia suntsituta geratu ondoren, tripulazioa berriz batzen joan eta erronka desberdinei aurre egin beharko diete manga ezagunaren protagonistek. Tripulazio osoa kontrolatuko dugu: Luffyz gain Zoro, Sanji, Nami, Ussopp, Chopper, Robin, Franky eta Brook kideekin jokatzeko aukera dago —ez da Jinbei aipatzen prentsa oharrean, nahiz eta lastotxapelen kidea izan aspalditik—.
Gainditzeko misioak eta bigarren mailako abenturak aipatzen dituzte japoniarrek. Hortaz, ohiko JRPG jokoen egitura jarraitzen duen lana espero dezakegu.
Atal grafiko koloretsu eta ederra ikus daiteke Bandai Namcok zabaldutako trailerrean. Manganimearen estiloa jarraituta, ohi bezala bikoizketa japoniarra entzungo dugu pertsonaiak bizitzara ekartzen. Ez hori bakarrik, Eiichiro Oda sortzailearekin bat egin dute garatzaileek: pertsonaien diseinua eta istorioaren gidoia mangakaren esku doaz.
Izan ere, Odysseyrekin One Piecen 25. urteurrena ospatu nahi dute: bideojokoarekin batera beste hainbat ekimen eta proiektu argitaratuko dituzte. Horien artean dago Red deitutako film berria.
Arestian aipatu modura, One Piece Odyssey aurten kaleratuko da, baina ez dute data zehaztu. Plataformak ezagutu ditugu, ordea: PCan zein PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan kaleratuko da titulua.
Iruzkinak