Miyamoto Musashi samuraia Kioton barneratuko da deabruei aurre egiteko. 2026an helduko da PCrako, PS5erako eta Xbox Series-etarako.
Capcom-ek Onimusha: Way of the Sworden informazio gehiago utzi digu Tokyo Game Show azokan. Trailer berriarekin, abenturan ezagutuko ditugun protagonistak aditzera eman dira.
Kiotora iritsiko da Miyamoto Musashi samurai ospetsua, baina Genma izeneko deabruen erasoak biziko ditu azkar batean. Gizaki arruntek ez dute munstroei aurre egiteko botererik; horren ordez, Oni izakien besoko berezien ahalmenaz baliatu behar dira. Horrekin batera, hildakoen arimak bilduko ditu eraso ikaragarriak erabiltzeko.
Musashik bere indarra erabili nahiko du, ordea: hori dela eta, besokoaz libratzeko bidaiari ekingo dio. Tartean Izumo no Okuni eta Ono no Takamura, edo Sasaki Kojiro aurkari ezaguna ezagutuko ditu, baita bere besokoan bizi den emakumezko izaki misteriotsua ere.
Japoniar hiriko kale eta gune ezagunak zeharkatuko ditugu Musashirekin batera, borroketan parte hartuz zein puzzle sinpleak gaindituz. Dueluei dagokienez, Capcomekoek borroka sistema askea eta dinamikoa eratu dute oraingoan: gure protagonistak katanak eta bestelako arma magikoak erabiliko ditu, baina inguruneko baliabideekin batera etsaiak oztopatzeko eta zauritzeko gai izango da.
RE Engine garapen motoreak emaitza itxurosoak eskaintzen jarraitzen dizkio Capcomi: maila handiko pertsonaiak zein kokalekuak ikus ditzakegu bideoetan. Kiotoko tenpluak zein kaleak xehetasun maila ikaragarriaz eratuta daude, Onimusha sagaren ohiko inguruneak beste maila batera eramanda.
Frankizia aipatuz, azken atal nagusia —lehen bi jokoen birmasterizazioak alboratuta— 2006. urtean PS2 kontsolan estreinatutako Onimusha: Dawn of Dreams da. Bere garaian zaleak maitemintzea lortu zuen saga da Resident Evil-etik jaiotakoa; beraz, bideojokozaleak gogotsu daude bosgarren Onimusha: Way of the Sword probatzeko.
Data zehatzik gabe jarraitzen du: dena ondo badoa, 2026an merkaturatuko da PC, PlayStation 5 eta Xbox Series gailuetan.
Iruzkinak