Samsara hotelak ezkutatzen dituen misterioak argitzera eramango gaitu 2026an. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan jokatu ahalko da.

Frictional Games estudioak eta Kepler Interactive argitaletxeak ONTOS iragarri dute, SOMA zein Amnesia jokoen oinordekoa.

Girotzez guztiz aldatuta, ilargian kokatzen den Samsara hotel misteriotsura bidaiatuko du protagonistak, itxura batean, bizitzaren eta izatearen misterioak argitu nahian. Hotelean helburu berbera duten bizilagunak aurkituko ditu.

Abentura narratiboan puzzleak eta misterioak argitzea da xedea: arduradunen arabera, elkarreragite eta aztertze sakonak behar dituzten makina desberdinak kontrolatzen eta ikertzen ibiliko gara. Aurreikuspena eta planeatzea gakoak direla diote, hutsegiteek arazo eta ondorio handiak ekarriko baitituzte, erabaki moralak barne; dena den, buru hausgarrietan “ez dago konponbide bakarra”.

Denboran galdutako hotela ez da dirudiena, noski, eta mapa labirintikoan galduta egongo gara, tartean, beste gune batzuk esploratzen. Estetika bereziarekin, espazio ederrak gore eta egoera bitxiekin tartekatuko dira.

Hamarkada bat baino gehiago daramate Frictionalekoek ONTOS prestatzen. Orain arteko anbizio handieneko proiektua dela aldarrikatzen dute, “bai irismenean, bai ekoizpen mailan, baita girotze anbizioan ere”.

Datorren urtean estreinatuko da ONTOS. PCrako eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletarako bertsioak prestatzen dabiltza.