Esperimentu misteriotsuen aurrean jarriko gaitu Frictional Games taldeak. PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan kaleratuko da 2027an.

ONTOS Gamescom azokaren aurkezpenetik igaro da ilargiko misterioetan sakontzeko asmoarekin. Jokagarritasun bideo berriarekin gainditu beharreko erronka beldurgarriak aditzera eman dituzte Amnesia eta SOMA bikainen egileek.

Bizitzaren eta izatearen misterioak izango dira abenturaren ardatza: horiek argitzeko helburuarekin, ilargian eraikitako Samsara hotelera bidaiatuko dute jokalariek. Estudioaren zaleek ondo baino hobeto ezagutuko dituzten gaiak eta premisak jorratuko ditu, orokorrean, titulu berriak.

Bideoan gainditu beharreko esperimentuetako batzuk ageri dira. Proba eta test desberdinek “egiara hurbilduko gaituztela” azaltzen dute sortzaileek, baina, noski, ez dira samurrak izango. Zalantza existentzialak nagusi izanik, jokalariengan eragitea bilatzen dute egileek: erabakiek berebiziko garrantzia edukiko dute abenturan, ondorio larriak edukita. “Ez dago bide bakar bat”.

Ideia interesgarri honi heltzeko pixkat gehiago itxaron beharko dugu, tamalez: datorren urtera berandutzeko erabakia hartu zuen lantaldeak uztailean, “orain arteko anbiziorik handieneko bideojokoa” dela aldarrikatuz. PCan zein PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan argitaratuko da ONTOS.