Bazzite, PikaOS edo ChimeraOS bezalakoen arduradunak batu dira banaketa desberdinen mantenimendua eta eguneraketak bateratzeko.
GNU/Linux sistema eragilearen bideojokoei bideratutako zenbait distribuzioetako antolatzaileek Open Gaming Collective erakundea osatu dute. Kyle Gospodnetich Bazzite banaketaren arduradunak aditzera eman du foro ofizialetan argitaratutako mezuarekin.
Urte luzez GNU/Linuxen bideojokoen ekosistema zatituta eta banatuta egon dela aldarrikatuta abiatu dute proiektua. Erakundearen helburu nagusia garapeneko oztopo nagusiak zentralizatzea, eta kideen artean antolatzea izango da.
Horrela, “kernel-aren adabakiak, joko sarreren konfigurazioak edo Gamescope bezalako bideojokoen oinarrizko ezaugarriak” lantzea, eta guztien artean “horien inguruko taldelana bideratzea” izango dira Open Gaming Collective eginkizun nagusiak. Laburbilduz: “Proiektu batek lortutako garaipenak guztientzako garaipenak izatea”.
Bideojokoak ardatz hartuta prestatutako OGC Kernel proiektua zein Gamescopen hardware euskarria gailu gehiagotara hedatzeko fork edo bertsioa aipatzen dituzte elkarlana abiatzeko lanen artean.
Bazzitekin batera ChimeraOS, PikaOS, Nobara, Playtron, Fyra Labs edo ASUS Linux taldeetako kideak gehitu dira elkartera. Laster “partaide gehiago” iragarriko dituztela diote.
SteamOS-ekin iraultza hasi zela esan daiteke, baina barnean eta atzean dituen ezaugarriek zein erremintek lortu dute bideojokoen berpizkundea GNU/Linux distribuzioetan: batez ere, Valve eta CodeWeavers taldeek elkarlanean eratutako Proton bateragarritasun geruzari esker.
Windows-erako sortutako bideojokoak GNU/Linuxen exekutatzea erraztuta, azken urteotan ordenagailuak zuzenean kontsola ingurunea edukitzera eramaten dituzten, edo, besterik gabe, jokatzeko erraztasunak eskaintzen dituzten distribuzioak hedatu dira.
Lander Unzueta
Iruzkinak