Switch 2ko esklusiboa izango da: plataformak, tiroketak eta esplorazioa proposatuko ditu Shapefarm taldeak.

Orbitals itxurosoa bigarrenez erakutsi du Shapefarm japoniarrak. 80ko hamarkado anime klasikoak gogora ekartzen dituen estetikadun abentura uda honetan argitaratuko dela adierazi du taldeak.

Switch 2 gailurako esklusiboa izanik, Nintendo Direct: Partner Showcase emanaldian eskaini dizkigute xehetasun berriak. Ekaitz kosmikoari aurre egitea eta protagonisten etxea salbatzea izango da helburua titulu kooperatiboan. Horretarako, Maki eta Omura gidatuko dituzte jokalariek.

It Takes Two edo Split Fiction abentura kooperatiboen oinarriak bereganatzen ditu Orbitalsek. Taldelanean egingo dute aurrera bi protagonistek. Hori lortzeko, besteak beste, lore estralurtarren haziak jaurtita eta ureztatuta ibiltzeko tokiak sortzen, gantxoa erabilita inguruneetako plataformak mugitzen edo ur kanoiarekin lur goriak hozten ariko gara.

Tresna desberdinak lortu eta erabili beharko ditugu aipatutakoak bideratzeko; bakoitza erabiltzen ikastea izango da gakoa, baita kidearekin batera komunikatzea ere.

Tartean, bestelako minijokoak eta erronkak ere ikusiko dituzte jokalariek: espazio ontzirako maskotak biltzen ariko gara, edo arkade jokoetan zein erritmo probetan jokatzen. Binaka gainditu beharreko abentura izanik, garatzaileek tokiko zein sareko multijokalaria prestatu dute; horrez gain, Switch 2ko GameShare ezaugarriari esker joko bakarrarekin bi jokalari aritu ahalko dira kontsola desberdinetan.

Cel shading estetika erabilita lortutako atal grafiko ikusgarria txalotzekoa da: 3D pertsonaiak zein inguruneak sortuta, aspaldiko animeetako marrazkien kutsua ematea lortu dute egileek. Behin betiko dataren zain gabiltzala, trailerrez gozatu beharko; esan bezala, uda honetan estreinatuko da Switch 2an.