It Takes Two edo Split Fiction jokoen oinarriak hartuko dituzte Shapefarm estudioko japoniarrek. 2026an argitaratuko da.

Nostalgia hutsa agintzen du iragarri berri den Orbitals tituluak. 80ko hamarkadako anime telesail mitikoen itxura hartuta, abentura eta akzio kooperatiboak agindu ditu Switch 2 kontsolarako.

Shapefarm talde tokiotarraren jokoa begietatik sartzen den horietakoa da. Hiru dimentsiokoa, baina cel shading estetika nabarmenarekin, Ranma ½ bezalako anime ezagunen itxura hartzen du. Maki eta Omura espazioko esploratzaileak gidatuko ditugu lagun batekin elkarlanean: izan ere, multijokalarira bideratutako lana da Orbitals.

Hazelight Studios-ek sortutako It Takes Two edo Split Fiction jokoen oinarriak bereganatu dituzte japoniarrek. Adiskide batekin gainditu beharreko erronkak eta probak izango dira nagusi anime bideojokoan: adibidez, jokalari batek ontzia gidatzen duen bitartean, bestea tiro egiten ibiliko da.

Plataformak eta jauziak, tiroketak, lasterketak, puzzleak… denetarik bilduko du Orbitalsek bere itxura xarmagarriarekin.

Datorren urtean estreinatuko da, esan bezala, Switch 2 kontsolan.