Moon Studiosek ezustean iragarri du bere bigarren abenturaren Switcheko bertsioa. Oriren bi bideojokoak batzen dituen edizio berezia kaleratuko dute.
Nintendok Direct Mini aurkezpen digitala egin zuen joan den astean. Ekimena ezuste handi batekin bukatu zuten: Moon Studiosen Ori and the Will of Wisps dagoeneko estreinatu da Switchean.
Ori txikiaren bigarren abentura martxoan estreinatu zen Xbox One eta PCrako. Garatzaileek adierazi dutenez, Switcheko bertsioa 60 irudi segunduko tasara mugituko da.
Iragarpenarekin batera Ori Collector’s Edition deitutako bertsio berezia aurkeztu dute. Kaxa berezi izugarri batean Oriren bi bideojokoak, beiratean egindako arte pieza, gida berezia, karten bilduma, soinu banda digitala eta beste hainbat ezaugarri batu dituzte.
Edizio berezia Iam8bit webgunean dago salgai 149,99 eurotako preziora. Bideojokoak ez dute herrialdekako blokeorik, beraz edozein Switchetan arazorik gabe jokatzeko aukera dago.
Game Erauntsiatik Ori and the Will of Wispsen bideoanalisia egin genuen. Ez hori bakarrik, Ander Goenaga jostagarritasun arloko programazio buruari egindako elkarrizketa irakurgai aurkituko duzu hemen.
Iruzkinak