Jauziak, borrokak eta esplorazioa uztartuko ditu atal estetiko ederrarekin. Azaroan estreinatuko da Japonian, baina ez dute merkaturatzerik baieztatu Euskal Herrirako.
Otogi Katsugeki Mameda no Bakeru: Oracle Saitarou no Sainan!! Switchean estreinatuko den 3D plataforma abentura izango da.
Goemon ninja ule urdindunaren zaleek ondo ezagutuko dute Etsunobu Ebisu izena. Ninja mistikoaren hainbat bideojoko garatzeaz zein zuzentzeaz arduratu da, baita bere pertsonaietako bati izena jartzeaz ere (Ebisumaru). Konami-koek Goemon aspaldi ahaztu zutenez, Ebisuk hauetan oinarritutako titulua prestatzeari ekin dio.
Izenburu luze horren atzean plataforma abentura dinamikoa eta dibertigarria dago. Bakeru deitutako protagonista kontrolatuko dugu: mutil gaztea dirudien arren, tanuki izaki magikoa da. Hori dela eta, itxuraz aldatzeko eta botere desberdinak erabiltzeko ahalmena dauka; alegia, ukabilkada erraldoiekin erasotzeko edo tamaina txikitzeko gai izango da.
Berarekin batera fantasiazko Japonia zeharkatzeari ekingo diogu: herrialdeko 47 prefekturetan girotutako mailak ikusiko ditugu. Armada zitala garaitzea izango da gure helburu nagusia; horretarako, etsai nagusiak garaituko nahiz euren kanpamenduak suntsituko ditugu.
Egoera eta ekintza kopuru izugarria agintzen du Bakeruk. Saltoka ariko gara, baita borroketan parte hartu ere, baina dozenaka minijoko eskainiko ditu: lasterketak, robot gaineko dueluak, puzzleak eta gehiago ageri dira aurkezpen bideoan.
Zoritxarrez, Good-Feel estudiotik ez dute Europan kaleratuko dutenik ziurtatu; Japonian, bestalde, azaroan argitaratuko dute. Nintendok berak argitara dezakeen titulua izanik, zorte apur batekin N handiak bideratutako merkaturatzea ikusiko dugu datozen hilabeteetan.
Otogi Katsugeki Mameda no Bakeru: Oracle Saitarou no Sainan!! Nintendo Switchean estreinatuko da.
Iruzkinak