Egungo belaunaldian erosten dutenek PS5 eta Xbox Series Xrako doako eguneraketa jasoko dutela agindu du Bandai Namcok.
Joan den urteko Gamescomean erakutsi zuen Tarsier Studios garatzaileak bere Little Nightmares abenturaren jarraipena lehen aldiz. Urtebete igarota, lehen gameplay bideoa eta argitaratze data eskaini dituzte arduradunek ekitaldi europarrean: otsailaren 11n estreinatuko da LN II.
PC, PS4, Xbox One eta Nintendo Switcherako bertsioak kaleratuko dituzte egun horretan. Beranduago belaunaldi berrirako portak ikusiko ditugu; 2021ean estreinatuko direla baieztatu dute arduradunek. Gainera, Little Nightmares II egungo kontsoletarako erosten dutenek belaunaldi berrirako bertsioa jasoko dute doan.
Beldurrezko abentura handiagoa sortzeko asmoa dute garatzaileek. Jarraipen honek ez du bi jokalarirentzako joko motarik edukiko, bideoa ikusita hori pentsa daitekeen arren.
Trailerrarekin batera, Bandai Namcok 15 minutuko iraupena duen gameplay bideoa partekatu du Youtubeko kanaletik.
Iruzkinak