Survival horror klasikoen ideiak komikien estetikarekin elkartuko ditu 2027 bukaeran: PCan zein kontsoletan kaleratuko dute.
Main Loop estudio bilbotarrak, Relevo Games beteranoarekin elkarlanean, Out of Sync aurkeztu du. Beldurraren generora itzuliko dira berriz, Submersed jokoen antzeko premisa berreskuratuta.
Resident Evil klasikoengana joko dute, oraingoan, survival horror originalen jokagarritasuna, puzzleak eta mekanikak hartuta; aldi berean, 60ko hamarkadako zientzia-fizkiozko komikien estetika erabiliko du bideojokoak, zuri-beltzezko binetekin interfazeak eta menuak eratuta —XIII tiro joko mitikoak egin antzeran—.
Munstro biomekanikoek hartutako espazio ontzia esploratzea eta ikertzea izango dira Sara protagonistaren helburuak, galdutako tripulazioaren bila ari dela. Lehen RE jokoetan egin bezalaxe, objektu bitxiak aurkituko ditugu gela desberdinetan: hauek puzzleak gainditzeko erabiliko ditugu, sarritan objekutok ikertu edo batu behar izanik. Gela batetik bestera, baina, izaki beldurgarriei aurre egin beharko diegu, kontu handiz, munizio eta arma eskasia nagusitzen baita ontzian, baita partidak gordetzeko beharrezkoak ere.
Egileen arabera, RPG jokoen ideiak ere hartu dituzte: gure protagonista hobetzeko eta pertsonalizatzeko bideak edukiko ditugu, jokagarritasuna eraldatuta. Mugitzerakoan, zelan ez, tanke kontrolak dira ardatz, retro estiloko abentura proposatzea baita asmoa.
PCan zein egungo PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan jokatuko dugu Out of Sync. Main Loopen arabera, 2027ko azken hiruhilekorako prest egongo da.

Lander Unzueta
Iruzkinak