Adelpha planetara itzuli eta bertako tribuei lagundu beharko zaie roboten aurkako gerra zitalean. PC-rako zein belaunaldi berriko kontsoletarako prestatzen ari dira.
1999an kaleratutako Outcast bereziak bizi berri bat edukiko du. Outcast 2 – A New Beginning akziozko abentura iragarri du THQ Nordic argitaletxeak bere 10. urteurrena ospatzeko. Mundu irekiko lehen hiru dimentsioetako obraren ardatzetatik abiaraziko da jarraipena.
Beste batez Adelpha planeta ederra izango da abenturako protagonista nagusia. Hau esploratzea eta bertako Talan arraza estralurtarrari laguntzea izango da Cutter Slade-n helburu nagusia. Horretarako jetpack-a erabili eta mundu irekitik ziztu bizian aritzeko aukera edukiko du Sladek. Jarraipen honetan Adelpha guztiz berriztatua ezagutuko dute jokalariek.
Tribu honen herrixkei lagunduta beraien abilezia bereziak eskuratuko ditu gainera; norbere esku egongo da hauek babesteko bidea aurkitzea: Izan ere, abentura ez linearra izanik istorioa nahi bezala gainditu ahal izatea agintzen dute Appeal Studios-eko garatzaileek.
Borrokak ere biziko dira Outcast 2n: robot etsaien aurka egin beharko du Sladek, eta arma desberdinak sortzeko aukera egongo da modulu desberdinak erabilita.
Jatorrizko abenturaren garatzaile taldea bildu da A New Beginning eratzerako orduan. Lehenengo Outcasten ikusitakoa mantendu baina zaharberritzeko asmoa agertu dute Appealekoek: mundu irekiko abenturen oinarriak ezarri zituzten arren badakite azken 20 urteetan hauek asko aldatu direla, eta horietara egokituko dute bigarren joko hau.
Ez da Appeal Studios unibertso honen jarraipena prestatzen saiatzen den lehen aldia. PlayStation 2-rako prestatzen ari ziren bigarren Outcast bat bertan behera geratu zen Infogrames argitaletxearen arazo ekonomikoen ondorioz.
Outcast 2 – A New Beginning ez du argitaratze datarik jaso oraindik. Hori bai, PC-rako zein belaunaldi berriko PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletarako kaleratuko dute arduradunek.
Iruzkinak