Edertasun, historia eta galderez betetako unibertso batean murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen du Mobius Digital-en lanak.

Nork ez du txikitan espaziora bidaiatzearekin amestu? Beste planeta eta sateliteak zanpatu, jauzi izugarriak egin… izango dira batzuk oraindik amesten dutenak. Ba horixe da Outer Wilds jokoak proposatzen diguna: espaziotik bidaiatu, bertako lasaitasuna sumatu, erlaxatzeko akzio gutxiko bidai bat… edo agian ez da halakoa izango?

 

Mobius Digitalek edertasunez jositako kokalekuak aurkezten dizkigu eguzki sistema txikitxo batean, beraz, ez da mundu ireki bateko jokoa, bost mundu ireki dira!

Ederra dela ez diot neuk bakarrik esaten, 2015 urtean Independent Games Festival-eko Excellence in Design eta Seumas McNally Grand Prize irabazi zituen, nahiz eta jokua 2018koa den. Ostera Game of the Year saria irabazi zuen, baita British Academy Games award for Best game saria ere.

 

Baina zertaz doa jokoa?

Planeta txiki bateko espaziora lehen aldiz bidaiatuko duen astronauta bat zara. Espazioko misterioak argitzeko misioa duzu. Zein misterio? Hori ere ez dute gehiegi azaltzen, dakigun bakarra aspaldi Nomai izeneko beste arraza bat bizi izan zela gure eguzki sisteman eta arrazoi ezezagun batengatik iraungi egin ziren, aztarna eta hondakin asko utzita. Desagerpen honen eta haien historiaren azalpenak lortzeko 4 erraminta ditugu besterik ez: Espazio ontzi bat, linterna bat, seinaloskopio bat (urrutiko soinuak entzuteko balio duen gailu bat) eta Nomai-Euskara itzultzaile bat.

 

Bai, Nomai-Euskara, orain jokuko zure hizkuntza euskara izan daiteke eta. (itzulpen ez ofiziala)

 

Ezin da istorioaz gehiagorik esan, bertan oinarritzen baita jokoa. Hasieran guztiz galdua sentitzen da jokalaria, eguzki sistema oso bat esploratzeko du baina nora joan edo zer bilatu ideiarik eduki gabe. Aurkitu eta itzultzen dituen testu guztiak kontesturik gabe lortzen ditu: zer da distortsioa? Unibertsoaren begia? Errauts Biki Proiektua? Zer demontre diote tipo hauek?

 

Pixkanaka jokuan aurrera egin ahala gauzak argitzen joaten dira eta ondo landutako istorio bat azaltzen hasten da jokalariaren aurrean. Istorio hau jokalariak berak muntatu behar du, hau izanik jokura lotzen duena. Aurkikuntzak zureak direla sentiarazten dizute. Amaierako marrazkia erakutsi ez dizuten puzle baten piezak pixkanaka kokatzen zoaz eta irudia imaginatzen hasten zara, baina ia amaiera arte beti dago pieza bat ez dakizula non kokatu eta horrek jokua jarraitzera bultzatzen zaitu. Jakin-minak, besterik ez.

Joku honek ez ditu misiorik, ez duzu abileziarik desblokeatu, ezta objeturik lortu behar. Joku honen gakoa jokalariak duen ezagutzan datza. Behar den guztia jakinda jokua 22 minutu baino gutxiagoan pasa liteke. Xelebrea al da zehazki 22 minutu aukeratu izana? Jokatzekotan ulertuko duzue. Joku guztia ezagutza hori lortzeko egina dago. Fikziozko eguzki-sistema txikitxo hortako fisika xelebreak ikasi behar dira aurrera jarraitzeko.

 

Jokoaren alde txarra?

Behin jokoa pasata ez dago berriro jokatzerik. Esan den bezala, ezagutza da gakoa, behin lortua, jokoa hasi bezain laster amaitu daiteke. Baina interesgarria da beste baten bat jokatzen ikustea eta bere teoria zoroak entzutea zuk dagoeneko hain argi ikusten duzun zerbaitetan.

 

Neure iritziz, naiz eta hasiera xumea izan zuen, guztiz merezitako sariak lortu ditu lan honek. 

 

Euskarazko itzulpena instalatzeko pausoak

Outer Wildsera euskaraz jokatzea oso erraza da! PC-ko bertsioan soilik funtzionatzen du itzulpenak, hori bai. Pauso hauek jarraitu zure jokoa gure hizkuntzara lokalizatzeko:

  1. Jaitsi itzulpen fitxategiak esteka honetatik.
  2. Outer Wilds instalatu.
  3. Instalatzailea zabaldu eta bertan agertzen diren pausoak jarraitu. Instalazioaren kokalekua eskatzen dizunean, OuterWilds_Data karpea hautatu!
  4. Eginda! Aukeratu duzun hizkuntzaren gainean ezarri duzu euskarazko bertsioa. Goza ezazu!

Euskarazko bidejokoen zerrenda osoa hemen aurki dezakezu.